Egiako adinekoekin egindako elkarlana gizarteratuko dute
Lkaleak proiektuaren bidez talde lanean aritu dira auzoko bizilagun zaharrak eta hainbat eragile, urtebetez; hainbat ekitaldi antolatu dituzte urrirako.
Lankidetza sustatu du Lkaleak proiektuak Egiako adinekoen eta eragileen artean, urtebetez. Orain, urrian barrena, elkarlanaren emaitzak ezagutarazteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Donostia Lagunkoiak bultzatuta abiatu zen Lkaleak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin: Donostiako Udala, APTES (Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkartea) eta Deustuko Unibertsitatea. Proiektua aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz deialdian, eta aukeratu egin zuten bere izaera berritzaileagatik, eta erronka berriak proposatzeagatik biztanleriaren zahartzeak planteatzen duen erronkari aurre egiteko.
Proiektuaren helburua izan da adinekoek lantzea lankidetzak auzoko beste pertsona eta eragile batzuekin batera. Batetik, ingurune lagunkoiak sustatzeko, sortzen zaizkienerako bakardadea, isolamendua, gaixotasuna edo bestelako egoera gogorrak, eta, bestetik, laguntza eta arreta bermatzeko. Egindako lana sistematizatu nahi dute, ebaluatu ahal izateko, eta ikasitakoa zabaldu eta proiektua beste ingurune batean errepikatu ahal izateko.
Hamabi jarduera, ezagutarazteko
Ekitaldi ugariren bidez emango dute Lkaleak proiektuaren berri: hitzaldiak, bisitak, zinema emanaldiak… hamabi ekitaldi izango dira guztira. Horrela, gaiaren inguruko hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi dituzte. Auzoko eragile askoren laguntza izan dute jarduerak antolatzeko: Egia Bizirik auzo elkartea, Emaus Fundazioa, Euskadiko Filmategia, Txoko Berri, Egiako kultur etxea, Dandai emakumeen elkartea…
Jarduera gehienetarako aurrez izena eman behar da info@lkaleak.eus posta elektronikora idatzita. Jada egin dituzte aste honetan hitzordu batzuk, eta datorren astean jarraituko dute: urriaren 10ean, asteazkena, zine foruma egingo dute, 19:30ean, Egiako kultur etxean: Maitasuna, Michael Hanekerena. Urriaren 11n, Tabakaleran, Rosa Barbaren erakusketara joango dira, 11:00etatik 12:30era. Rosa Barba ikus-entzunezkoetako artistaren lana oinarritzat hartuta, harremanak sortuko dituzte emakume zientzialari, zinemagile eta zigarrogileen artean.
Urriaren 12tik azaroaren 15era, Elkartasun Aleak egingo dute Egiako pasabidean. Gipuzkoa Solidarioa sarea osatzen duten 185 elkarteek egiten duten lanaren erakusketa izango da. Urriaren 16an, Auzoko istorioak ehuntzen saioa egingo dute, 17:30etik 18:30era, Bakearen Ama Birjina zaharren egoitzan (Egia kalea, 21). Egia kalearen gainaldetik, auzoaren inguruko istorioak eta esperientziak partekatuko dituzte, adineko pertsonen bizipenen bidez.
Nabarmentzekoa da urriaren 20rako Emakume Martetarren Ipuinak izenburupean prestatu dutena. Ipuinak kontatuko dituzte 80 urteko Egiako emakume batzuek, 11:30ean, Emaus Social Factoryn (Mundaiz, 6).
Ubik Sorkuntza Liburutegira joango dira urriaren 23an, 11:00etan. Gune horrek komunitatea sortzen lagun dezakeela erakutsi nahi dute. Egia, bestela egingo dute urriaren 27an, 11:30ean, Plaza Haundin, bizilagunen arteko topaketa. Gogoeta egingo dute auzoko aldaketetan norbanakoek jokatzen dugun rolaren inguruan: komunitatea, zaintzak, auzoaren zahartzea… Urriaren 29an Auzotar Handiak jardueraren txanda izango da, 11:30etik 13:00era, Nestor Basterretxea plazan. Bi egongela moldatuko dituzte, gogoeta egiteko zahar askoren eguneroko errealitateaz. Bukatzeko, MatiaZaleak egingo dute urriaren 30ean, 19:00etan, Orona Fundazioan. Bolondresen urteko topaketa izango da.
Horretaz guztiaz gain, Kimuaken 20. urteurrenaren harira, Euskadiko Filmategiak euskal film labur batzuk aurkeztuko ditu, zahartzearen, bakardadearen eta zaurgarritasunaren ingurukoak. Azaroaren 8an izango da, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan.