Xila Pihlstrom, Donostiako Euskaraldiaren Hamaikako kidea. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Helsinkin Euskal Gaua ospatzetik dator Xila Pihlstrom (Helsinki, 1962) IRUTXULOKO HITZAren elkarrizketara. Suomitar elkartearen sortzailea, 2012an Finlandia eta Euskal Herriko kulturen arteko zubia eraiki zuen euskara-suomiera hiztegiaren argitalpenarekin. Euskaraldiaren Donostiako Hamaikakoaren parte da, ‘Ahobizi’ gisa.
Noiztik bizi zara Euskal Herrian?
Duela 26 urte etorri nintzen, 1992an. Urte batzuk lehenago Suediako sindikatu batekin Bartzelona, Zaragoza, Gasteiz eta Donostiatik pasa nintzen, Espainiako gerran errepublikanoen alde egitera Finlandia eta Suediatik etorritako boluntarioak omentzeko. Bidaia horretan ezagutu nuen euskara, kaleko hormetan idatzita ikusten nuelako.
Hortik gutxira Euskal Herrira bueltatu nintzen, EHUn gaztelania ikasteko ikastaro bat egitera. Hori aprobetxatuz, euskara ere ikasten hasi nintzen, eta horretan jarraitu dut geroztik.
Zure esperientzia pertsonaletik, finlandiar batentzat zaila al da euskara ikastea?
Ezetz esango nuke. Izan ere, suomierak eta euskarak antzeko ezaugarriak dituzte. Ez dute, adibidez, preposiziorik erabiltzen.
Euskara hizkuntza zaila dela asko errepikatzen den arren, erraztasunak ere badituela uste dut.
Nolatan sortu zenuten Suomitar elkartea?
2000. urtean izan zen. Euskal Herrian bizi ginen finlandiar talde batek pikkujoulu (Gabon txikia) festa ospatzen genuen urtero. Horietako batean, hizketan, euskara-suomiera hiztegia idazteko ideia otu zitzaigun. Egitasmoa aurrea ateratzeko beharrezkoa zen elkarte bat sortzea, eta horrela jaio zen Suomitar taldea.
Denbora luzez ibili ginen elkarlanean hiztegia osatzeko. 2012an argitaratu genuen, Durangoko azokan, eta egundoko arrakasta izan zuen. Hortik bi urtera bigarren edizioa atera genuen.
Zein helbururekin sortu zenuten hiztegia?
Euskara munduan zabaltzea zen gure helburua. Suomiera, adibidez, ez da inoiz hilko, atzean herri oso bat eta estatu baten babesa dituelako. Euskararen egoera gaur egun ez da halakoa, eta horregatik garrantzitsua da hura zaindu eta zabaltzea.
Zer da euskara zuretzako?
Oso gauza inportantea da niretzako. Hona iritsi nintzenean berehala ulertu nuen lurralde honetako hizkuntza euskara zela. Bertako kultura ulertzeko ezinbesteko tresna zela ikusi nuen.
Zerk animatu zaitu Euskaraldian parte hartzera?
Beti ibili naiz euskararen aldeko egitasmoetan sartuta. Euskaraldiaren kasuan, ideia oso polita iruditu zitzaidan, abenduaren 3an ospatzen dugun Euskararen Eguna askotan motz geratzen delako. Oraingoan, hamaika egunez luzatu ahalko dugu.
Zer ekarriko dio Euskaraldiak Donostiari?
Euskaraz hitz egiteko ohitura zabaltzen lagunduko duela uste dut. Euskaraz jakin arren, hemen jaio eta bizitako pertsona askok ez dute euren egunerokotasunean erabiltzen.
Zure inguruko jendea egitasmoan parte hartzera animatu duzu?
Bai, Euskaraldian parte hartuko dugunon talde bat osatu dugu. Euskara maila desberdineko jendea gara, baina euskaraz bizi nahi izateko gogoak biltzen gaitu.