Pentsio duinen aldeko borrokan elkartu dira berriro ere
Pentsiodunak haserre daude. Ez dira nekatzen, eta bizi osoan lanean aritu ostean, borrokan jarraituko dute euren eskubideengatik. Oraingoan ere milaka lagun elkartu dira Donostian, hileko 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz. “Salatu nahi dugu Konstituzioaren 50. artikulua ez direla betetzen ari: Botere publikoek, pentsio egoki eta aldiro eguneratuen bitartez, bermatu behar diete herritarrei zahartzaroan burujabetasun ekonomikoa izango dutela“.
Aldi berean, salatu dute PPren eta EAJren arteko akordioak ez duela ziurtatzen pentsioek berreskuratuko dutenik 2013az geroztik galdutako eros-ahalmena: “Gezurretan ari dira esaten digutenean ez dagoela dirurik. Krisia hasi aurretik baino aberastasun handiagoa daukagu gaur egun, baina okerrago banatuta”.