Gazte Biraren Donostiako egitaraua. (Argazkia: Ernai)
Hego Euskal Herriko lau hiriburuak zeharkatuko ditu Ernai gazte Antolakundeak sortutako
GazteBira egitasmoak.
Euskal Herrian Bizi dinamikaren barruan eta
Prekariatearen kontrako norantzan lelopean, kaleak hartuko dituzte urriaren 11an, 12an eta 13an. Bira Gasteizen hasiko da eta urriaren 12an pasako da Donostiatik. Bilbotik ere pasako da eta Iruñean emango diote amaiera martxari.
Lau gai nagusi jorratuko dituzte aurten, bat hiriburu bakoitzean: hezkuntza, etxebizitza, enplegua eta feminismoa. Horretarako, formakuntza eta tailerrak, mobilizazioak eta mahai inguruak egingo dituzte eta jarduera horietan hainbat eragilek hartuko dute parte. Gainera, “prekarietate kronikoaren aurkako gazte aldarria zabaldu eta antolatzen hasteko espazioak” ere eskainiko dituztela adierazi dute.
“Bizi edo biziraun, ez dago beste aukerarik. Sistemaren koordenadetan biziraun edo bizitza erdigunean jarriz Euskal Herrian bizitzeko hautua egin. Bide okerretik garamatzate, eta guk kontrako norantza hartzeko hautua egina daukagu”, adierazi dute Ernaiko kideek.
Donostiara, urriaren 12an helduko da GazteBira. Lehen jarduera, Alderdi Ederren apainketa izango da eta 17:30ean hasiko da. Ondoren, 18:00etan,
Gazteon emantzipaziorako alternatibak izeneko mahai ingurua egingo dute eta honako eragile eta norbanakoek hartuko dute parte: Oreretako Gazte Etxebizitza Komunitarioak, Okupazio Mugimenduko kide batek, Abaraska etxebizitza kooperatibak eta Gasteizko Emantzipazio Sareak. Eguna amaitzeko, pintxo-potea egingo dute Ikatz kalean, 20:00etan.