Donosti klubeko gimnastak, lortutako dominekin. (Argazkia: Donosti gimnasia erritmikoa)
Udarako geldialdiaren ostean, denboraldia hasi du Donosti gimnasia erritmiko klubak. Euskadiko Txapelketan parte hartu zuten larunbatean, Eibarreko kiroldegian, eta bi talde igo ziren podiumera.
Batetik, haur mailako taldekideak euren mailako irabazleak izan ziren. Bestetik, junior mailako taldeak bi erakustaldi egin zituen, eta zilarrezko domina lortu zuen. Horrela, Espainiako Koparako sailkatu dira juniorrak, eta azaroaren 11n jokatuko dute, Murtzian. Senior kategorian maila oso altua egon zela diote arduradunek, eta Donostiko bi taldeek akats batzuk egin zituztela. Edonola, hirugarren eta laugarren postuetan geratu ziren donostiarrak. Olaia Arostegiren lana nabarmendu dute: “Tapizean gozatzen ikusi zitzaion eta brontzezko domina lortu zuen”. Horrela, Arostegi ere Espainiako Kopan ariko da.