Kontxita eta Juanita andereñoak, Zurriolako ikasleen aurrean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Duela 50 urte, 1968ko urriaren 8an, bere bideari ekin zion Groseko Zurriola ikastolak. Kontxita Beitia, Mari Tere Elola eta Maite Garagorri andereñoak hasi ziren lehen eskolak ematen, 3 eta 5 urte arteko haurrei, Ramon Maria Lili kaleko egoitza txiki batean, eta gaur egungo ikastola handia bilakatu arteko bidea egin du.
Hain zuzen, 1.300 ikasle ditu Zurriola ikastolak gaur egun, eskolaurretik hasi eta batxilergora bitartean, hainbat eraikinetan banatuta. Gogoan izan dute gaurkoan denek ere ikastolaren urtebetetze eguna, eta hainbat jarduera egin dituzte. Ikasle helduenek, batxilergokoek, lehenengoetakoak izan ziren bi andereñoren bisita jaso dute, eta ikastolako lehen urte haien berri eman diete. Ustekabean, ordea, inspektoreen bisita jaso dute, Joserra Fachado eta Oihana Maritorena aktoreek antzeztuta. Kontxita Beitia andereñoak azalpenak eman behar izan ditu inspektoreen aurrean, baina oso ongi defendatu da.
Gaiaren inguruko erreportaje zabala argitaratuko dugu ostiraleko astekarian.