Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua lehiaketara atera du udalak
Grebak eta mobilizazioak egiten ari dira azken asteetan Donostiako etxez etxeko langileak, hain zuzen ere, kontratuaren baldintzak hobetzea eskatzeko.
Hiru urteko iraupena izango du kontratuak eta urtebete luzatu ahal izango da. Guztira 49,5 milioi euro balio ditu kontratuak, hiru urteak eta luzapena kontuan hartuta.
Kontratu berriak balorazio teknikoarekin batera, langileen soldata baldintzak hobetzen dituzten eskaintzei garrantzia handiagoa emango die. Are gehiago, eskaintza ekonomikoa baino balio handiagoa izango du baldintza horrek. Eneko Goia alkateak adierazi du udalak lan handia egin duela kontratuan langileen soldata baldintzak hobetzeko.
Eskaintza teknikoak 76,5 puntu balioko ditu, eta gainerako puntuak formula desberdinen arabera banatuko dira: lan baldintzak hobetzeak 15 puntu balioko ditu, eskaintza ekonomikoak 6 puntu, eta zerbitzuaren hobekuntzak 2,5 puntu.
Kontratuaren berrikuntza nagusiena da esleipen prezioa %11,5 igotzen dela: 10,3 milioi euro lehen urtean, 10,6 milioi euro bigarren urtean, eta 10,9 milioi euro hirugarren urtean. Hau da, 2019an %10,5 igoko da, 2020an beste %3, eta 2021ean beste %2. Igoera horiek guztiak zerbitzuaren gehienezko orduko prezioan islatuko dira, eta egun ordaintzen diren 20,64 eurotik, 23,06 eurora pasako da 2019an, 23,73 euro 2020an, eta 24,19 euro 2021ean.
Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak hiru finantziazio iturri ditu: udalak 6,1 milioi, 6,3 milioi y 6,5 milioi euro inbertituko ditu; Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero beste 2,9 milioi euroko inbertsioa egingo du; eta erabiltzaileek 1,3 milioi euro ordainduko dute urtero. Hain zuzen ere, erabiltzaileek gehienez 14 euro orduko ordaintzen dute – errentaren arabera -, baina Gizarte Zerbitzuen datuen arabera, egun, batez beste, 2,74 euro ordaintzen dute.
Donostiako Udalak abian jarri du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua kontratatzeko espediente berria.