Haritz Varela deklaratzera deitu dute, hamar emakumek salaketa jarri ondoren
2017ko uztailean, Haritz Varela militantea ezker abertzaletik kanporatzeko prozedura abian jarri zuten, modu jarraituan hainbat emakumeri eraso egiteagatik. Era berean, Donostiako Piratak eta Karmengo jaietako antolakuntzatik ere kaleratua izan zen. Erasotutako emakumeek eta hauen babes sarea osatzen duten emakumeek agerraldia egin dute gaur, Tabakalera aurrean. Erasotutako 10 emakumek Donostiako epaitegian Varelaren aurkako salaketa jarri dutela adierazi dute. Erasoen berri izan ostean bide desberdinak martxan jarri zituztela azaldu dute, eta salatu dute bide hauek aurrera eramateko oztopo asko izan dituztela bidean. Hala ere, jakinarazi dute auzibidea aurrera doala eta Varela deklaratzera deitu duela epaitegiak. Ez dute publiko egin nahi izan zein egunetan deklaratu beharko duen.
Epaitegien izaera matxista eta eraso sexistei ematen dieten trataerarekin kritiko agertu dira, eta azaldu dute orain arte salaketaren berri publikoki ez dutela eman “zein bide hartuko zuen” ez zekitelako. Gainera, egitura judizialaren albokalteez gain, beste hainbat traba ere salatu dituzte: zalantzan jarriak izatea, bakardade sentimendua, biktimizazio bikoitza, administrazio arazoak, eta abar.
Emakumeen arteko elkartasuna eta konplizitatea positiboki nabarmendu dute: “Ez ginateke honaino iritsiko erasoaren aurrean bakarrik aritu izan bagina, eta zorionez, elkar goxatu eta laguntzeko bideak topatu ditugu”.
Azkenik, “etxe-etxekoak diren espazioetan, gizarteko gainontzeko txokoetan bezala” erasoak ikusi eta bizitzen jarraituko dutela salatu dute, espazio horiek guztiak patriarkatuak gurutzatzen dituelako. Horren aurrean, emakume feministek duten paper garrantzitsua nabarmendu dute eta botere harremanak era kolektiboan iraultzeko asmoa adierazi dute: “Badakigu emakume feministok garela mehatxu horren muga, eta gure babespea eskaini nahi dugu: kontatu gurekin”.