Iztuetako zubibidea kenduta, horrela geratuko litzateke. (Irudia: Donostiako Udala)
Egia eta Gros lotzen dituen Iztuetako zubibidea kentzeko udalaren proposamena onartu du ADIF-ek. Akordioa bilera eta elkarrizketa prozesu baten emaitza dela azpimarratu du Ernesto Gasco alkateordeak. “Akordio historikoa da. Hiriko eremu oso baten erabateko eraldaketa ahalbidetuko du, Egia auzoa eta hiriaren erdigunea bereizten dituen lubakia kenduta”, esan du Gascok.
Trenbideen trafikoan kalte handirik ez eragiteko konponbidea adostu dute bi aldeek. Orain, behin betiko proiektua idazteko epea ireki da, eta urtebete barru lanekin hastea aurreikusten du udalak. Hau da, 2019ko irailean, eta urte erdiko iraupena izango lukete. Aldaketak egon daitezkeen arren, 6 milioi euro inguruko aurrekontua izango du.
Kaxa moduko bat sortuko dute trenbidearen azpian. Kaxa horrek 4,5 metroko galibo bat utziko du ibilgailuak igarotzeko, eta egungo zubibidea ordezkatuko du. Bide berriak hamar metroko zabalera izango du, eta hiru zirkulazio errai, bi Groserantz, eta beste bat Egiarantz.
Proiektuaren bidez, espazio zabalak lortu ahal izango dira espaloiak egin eta berdeguneak egokitzeko,eta Mandasko Dukearen pasealekuaren bihurgunean biribilgune bat egingo da, trafikoa auzoetara bideratzeko. Trenbidearekiko paraleloan, oinezkoen pasabide bat egingo da, lurpeko bidearen bi aldeak lotzeko, eta Iztueta kaleko balkoiek, inpaktu akustiko txikiagoa izango dute, errepidea maila baxuagoan geratuko delako.