Noria erraldoi bat jarriko dute Alderdi Ederren
Gabonetan 50 metroko altuera duen noria erraldoi bat jarriko dute Alderdi Ederren. 36 gondola ditu eta bidaia bakoitzean 216 pertsona sartu daitezke. Noriaren alboan azken urteetan jarri izan duten argi bola jarriko dute, On Kixoteren eskulturaren gainean.
Kontxako badiaren, udaletxearen eta Artzain Onaren beste ikuspegi bat eskainiko du noriak, Ernesto Gasco alkateordearen arabera. “Seguru nago elementu garrantzitsua izango dela hiriarentzat jaietan”. Gabonetako azoka, berriz, Frantzia pasealekuan mantenduko dute. “Iaz, 300.000 pertsonatik gora inguratu ziren azokako etxola eta beste elementu erakargarrietara, eta aurten erantzuna are hobea izango da”, azpimarratu du Gascok.
Erdialdea gabonetako eremu bihurtzea du helburu Donostiako Udalak. Frantzia pasealekutik Alderdi Ederreraino, tokiko merkataritzari garrantzia emango diote. Horrekin batera, gabonak hiriarentzat erakargarri turistiko bat izatea nahi dute.