'Beldur Barik' lehiaketa martxan da, indarkeria sexista prebenitzeko
Beldur Barik, indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da. Gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzeko helburuz sortu zen eta egitasmo honen barruan, Beldur barik jarrera hedatzeko lehiaketa jarri du martxan Donostiako Udalak. Lehiaketa, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburua neska eta mutilek desberdintasun egoeren aurrean nola erantzuten duten eta indarkeria sexistari aurre nola egiten dioten erakustea izango da. Bi kategoria egongo dira, alde batetik, 12-17 urtekoak eta bestetik, 18-26 urtekoak.
Proiektu guztiak ikus-entzunezko formatuan egin beharko dira, Youtube edo Vimeo plataformetarako esteka erraztuz eta aurkezteko azken eguna azaroaren 9a izango da. Parte hartzeko Beldur Barik webgunean dagoen galdetegia bete eta bertan bideoaren esteka jarri beharko da.
Gehienez, 5 minutuko iraupena izan beharko dute eta proposamenek originalak izan beharko dute, plagiatu, usurpatu edota hirugarren pertsona batzuei kopiatu gabekoak. Lanak euskaraz ala gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, hala ere, lehentasuna emango zaie euskarazkoei.
Epaimahaiaren ebazpena, azaroaren 23an jakinaraziko da Kontadores Gazte Zentroan ospatuko den sari banaketa jaialdian.