Urumea ibaia.
Donostiako Udalak, Uraren Euskal Agentziak eta Añarbeko Urak erakundeak hitzarmena sinatu dute Urumea uholdeetatik babesteko fase berria abian jartzeko. 2014an sinaturiko akordioa ordezkatzen du aipaturikoak, Añarbeko Urakek bat egin ostean.
Udalak 1.501.953,40 euro gehiago jarriko ditu bigarren fasean, uholdeak galarazteko. “Orain arte 6 milioi euro izendatu zituen udalak proiektuko lehenengo faserako, 9 milioi euro bigarren fasea garatzeko erabiliko dira, eta asteartean onarturiko milioi erdiari gehituta, guztira, 16.500.000 euro erabiliko dira uholdeak saihesteko”, azaldu du Enrique Ramos zinegotziak.
Horri esker, alde urbanizatuetako ura drainatzea bermatuko da, Apostolutza aldean ekaitzetarako andel bat jartzeari esker euri ura metatu ahal izango da. Azken ekarpena nabarmendu Ramosek: “Agerian jartzen eta berresten du Urumea arroako auzotarrekiko eta inguru hartako segurtasunarekiko konpromisoa, hiri berrikuntza handia ekarriko baitu, ibaia bideratzeak pabiloi zaharrak botatzea ekarriko duelako, bai eta oinezkoentzako pasealeku berriak prestatzea ere, eta horrek guztiak alde hura osorik berritzen lagunduko du”.
Urumea arrorako plan orokorrago baten barruan dago Martuteneko esku hartzea. Guztira uholde arriskua murrizteko hamalau eragiketa jasotzen ditu. Proiektua bukatzean, 1.370 metro ibai egongo dira landuta (800 aurreneko fasean, eta, 570 metro, bigarrenean), gaitasun hidraulikoa irabazteko, ubidea zabaldu ondoren, urak gora egiten duenean, ezinbesteko faktorea delako ibaiak gainezka ez egiteko.