Parte Zaharreko Perujuantxo kalean gertatu zen erasoa, Aste Nagusian.
Bi hilabetez koman egon ondoren, eta Aste Nagusian jasandako zauriak ezin gainditu ostean, atzo hil zen Asier Niebla Martinez urnietar gaztea. Abuztuaren 12an gertatu zen erasoa, Donostiako Parte Zaharreko Perujuantxo kalean, goizeko bostetan. Biktima, Urnietako 29 urteko gizonezko bat, emakume batekin hizketan ari zen taberna baten kanpoaldean, eta gizon batek, emakumearen bikotekide ohiak, buruan jo egin zuen. Gaztea lurrera erori eta kolpe handia hartu zuen buruan. Koma egoeran ingresatu zuten, Donostiako ospitalean. Hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten. Ordea, ez zen bere onera itzuli.
Udaltzaingoak hurrengo goizean atxilotu zuen erasotzailea, eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen, lesio larrien delituagatik.
Gaur Urnietako Udalak “hilketa” gaitzetsi du aho batez, eta “oinarri matxista duen indarkeria” izan zela nabarmendu du. Donostiako Udalaren bozeramaileen batzordeak bat egin du Urnietako Udalak egin duen erakunde adierazpenarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaztearen heriotza gaitzetsi du. Hona hemen udalaren adierazpena:
Donostiako Udalean ordezkaritza dugun alderdi politiko guztiok gure gaitzespen eta arbuiorik irmoena adierazi nahi dugu, ASIER NIEBLA MARTINEZ urnietar gaztearen hilketagatik. Donostian orain dela bi hilabete izandako ERASO MATXISTA batetan jasandako zauriak ezin gainditu ostean.
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honakoa adierazi nahi du:
1.- Bere BABESA, ELKARTASUNA eta MAITASUNA adierazi nahi dizkie Asierren familiartekoei eta lagunartekoei, bizitzen ari diren egoera garratz honetan.
2.- Oinarri matxista duen indarkeria berekin daraman edozein ekintzaren aurrean bere ARBUIO eta GAITZESPEN irmoena adierazten du.
3.- lndarkeria matxistaren edozein motatako adierazpenen aurrean esku-hartzeko konpromisoa azpimarratzen du, eta berau ezabatzea sustatzen duten neurriak babesteko eta bultzatzeko bere borondatea berresten du.