(Argazkia: Iñaki Agirre)
Loiolako kultur etxeak auzoan urtez urte grabatutako ikus-entzunezkoei buruzko erakusteka estreinatu du urrian. Bertan, auzotarrek grabaturiko lanak ikusteko bideo instalazio bat ipini dute, eta horien grabaketetan erabilitako
atrezzoa zein ateratako argazkiak ikusi daitezke ere.
Auzolanean egindako ikus-entzunezko hauek Olatu Talka egitasmoaren harira sortu ziren. Loiolako bizilagunek gai desberdinak jorratzen dituzte urtero, umoretik auzoan jasaten dituzten gabeziak salatzeko.
Lehenengoa 2015ean aurkeztu zuten, Maria Cristina erreginak auzoko hiri-lorategiaren lehen harria kokatu zueneko bideoaren
remake batekin
. Hurrengo urtean, Urumeako latsariak protagonistatzat zituen
Harriak film laburra sortu zuten, eta bertan, emakumeek erreginak ehun urte lehenago lurperatutako harria lurretik atera eta Donostiako udaletxe parean uzten dute, erakundeek auzoan izandako utzikeriarekin ados ez daudela adierazteko. Urte berean, auzoko misterioak errepasatzen zituen bideoa egin zuten, Mikel Pagadiren kolaborazioarekin,
Loiolako X Espedienteak titulupean. Egin duten azken ikus-entzunezkoa iazkoa izan zen,
Loiola d’Or izenekoa. Turismoaren gaiari helduta, auzoa oporrak pasatzeko leku apropos gisa aurkeztu zuten bertan, topoaren geltokiaren obren amaiera abiapuntu gisa hartuta.
Erakusketa doakoa da, eta azaroaren erdialdera bitarte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era.
Jarraian Loiolako auzotarrek sorturiko ikus-entzunezkoak: