Lisipe bildumako laugarren liburua aurkeztuko dute
Ezagutzaren matazak da Susa argitaletxearen Lisipe bildumako laugarren liburua, eta ikerketa eta formakuntza feminista egin dituen Emagin elkartearen lana da. Urriaren 25ean aurkeztuko dute Donostiako Emakumeen Etxean, 19:00etan. Emagin elkarteak jakinarazi duenez, liburu honetan “gogoeta feminista kolektiboa gorpuztu dugu, ezagutzaren inguruko korapilo zenbait askatzeko asmoz”.
Lisipe, “Euskaraz sortutako lehen bilduma feminista” bezala deskribatu zuen Jule Goikoetxeak, bildumaren editoreak. Bildumaren helburua gorpuztutako historia, ohiturak eta pentsamendu markoak zalantzan jartzea da, horretarako, “patriarkalak ez diren tresna analitikoak sortuz”.
Orain arte, hiru liburu argitaratu dituzte: Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguezen Borroka armatua eta kartzelak, Mari Luz Estebanen Feminismoa eta politikaren eraldaketak eta Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena lanaren itzulpena. Wittigen obraren itzulpena Maialen Berasategik, Irene Arraratsek, Danele Sarriugartek eta Mirentxu Larrañagak egin zuten.
Bosgarren alea 2019ko udaberrian argitaratuko dutela jakinarazi dute argitaletxekoek, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirreren eskutik. Seigarrena, aldiz, 2019ko udazkenean aterako da eta Mugimendu Feministako hainbat kideren arteko lana izango da.