‘Adiorik gabe’ antzezlana duela bi urte eskaini zuten. (Argazkia: Donostia Kultura)
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren legatuaren parte da
Adiorik gabe proiektua. Bakearen Itsasargiaren programaren barruan eskaini zuten. Orain proiektuari jarraipena ematea erabaki du Donostiako Udalak ekitaldi artistiko baten bitartez. Horretarako, kontratazio espediente bat abiatu du.
Ekitaldia hiritar guztiei irekia izango da, eta bertan, enpresa esleipendunak biktimen familiekin eta lagunekin elkarlanean biktimen bizitzen berreraikuntza egingo du. Betiere, familiek eta lagunek hildakoen bizitzaz dituzten oroitzapenetan eta arteari –batez ere, musika, literatura eta dantza– lotuta zituzten sentsibilitateetan oinarrituta. Bortizkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak omentzea du helburu.
“2016an hiru emanaldi egin ziren eta guztira bortizkeriaren 12 biktima oroitu ziren. Orain programa horri jarraipena eman nahi diogu, izan ere, inpaktu handiko programa izan zen. Eta horretarako bortizkeria mota ezberdinek eragindako beste lau biktima oroituko dira”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Oraindik zehaztu gabe daude omenduko diren lau biktimak, baina proiektuaren oinarriek ezarritako irizpideen arabera aukeratuko dira. Proiektua antzezlan eran aurkeztuko dute, eta emanaldiak Antzoki Zaharrean izango dira. Gutxienez hiru aldiz eskainiko dute antzezlana. Aurrenekoa eta estreinaldia martxoaren 16an izango da. Hiritar guztiei zein giza eskubideen arloan lan egiten duten elkarteei zuzendutakoa izango da. Beste bi antzezlanak, martxoaren 18 eta 19an izango dira, eta batxilergoko zein unibertsitateko ikasleei zuzendurikoak izango dira.
Duela bi urte oroitu zituzten biktimak ondorengoak izan dira: Juan Manuel Garcia Cordero, Garrido-Velasco familia, Eugenio Olaziregi, Mikel Zabalza, Tomas Alba, Enrique Casas, Geronimo Vera, Aureliano Calvo, Ramon Díaz, Francisco Javier Gomez Elosegi, Mari Jose Bravo del Valle eta Angel Mota.