Euskaraldiaren harira bi kultur-jarduera egingo dituzte aste honetan
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean izango da Euskaraldia, baina aurretik, jarduera ugari antolatu dituzte egitasmoaren harira. Horietako bi dira aste honetan egingo dituzten kontzertua eta bakarrizketa. Ostegunean, urriaren 18an, Olatz Salvadorrek eta Physis vs. Nomosek kontzertu akustikoa egingo dute, 20:00tan. Emanaldia Gure Zirkuak Saguesen jarri duen karpan izango da.
Bestalde, ostiralean, urriaren 19an, Bea Egizabal klown eta antzerkilariak, Ttak bakarrizketa egingo du Bukowski tabernan, 19:00etan. Ttak, Euskaraldiaren harira Egiazabalek eta Lanku Kultur Zerbitzuek sortutako bakarrizketa da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “emanaldi berezi honek Euskaraldia zer den gizarteratu, Euskaraldiaren baitan dauden dinamika eta jokabide proposamenak azaldu, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gertatuko denaren berri eman nahi du. Azken finean, hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa eragitea da emanaldiaren helburu nagusia”.