Morlansen ere Euskaraldiko hamaikakoa osatu dute
Astebete lehenago Altzan egin zuten bezala, Morlansko bizilagunek Euskaraldiko hamaikakoa osatu dute ere, arlo desberdinetako auzotarrekin: tabernariak, irakasle bat, auzo elkarteko kideak, postaria, euskaraz ikasi duen atzerritar bat… Auzoan Euskaraldiak izango duen eragina indartzea bilatu dute Morlansko bizilagunek, eta horretarako, hamaikakoaz gain, azaro osorako egitaraua osatu dute gainera.
Euskaraz egiteko ohitura lantzen joateko, azaroko ostiraletako pintxo-potetan ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ gisa arituko dira auzotarrak, eta Euskaraldian izena emateko mahaia jarriko dute ere, bertan salgai egongo den materialarekin batera: poltsak, kamisetak…
Gainera, Morlansko haurrei Euskaraldia zertan datzan azaltzeko ipuin kontalari bat gonbidatu dute auzora. Ekitaldia, azaroaren 16an izango da, 17:30ean, eta ondoren helduentzako informazio saioa egingo dute ere auzo elkartean. Azaroaren 27an, berriz, Euskaraldia hasita, egitasmoan parte hartzen ari direnen bizipenen partekatzea egingo dute, kezkak azaldu eta bizitako egoera korapilatsuei irtenbideak topatzeko asmoz. Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, afari-merienda bat egingo dute auzoko La Fabrica tabernan.