Gaur goizean San Telmo museoan egin duten Mintzodromoa. (Argazkia: Bagera elkartea)
Gaur goizean, Bagera Elkarteak antolatutako Mintzodromoa egin dute San Telmo museoan. Euskara ikasleak euskaldun zaharrekin eseri dira mahai-inguruan, “mingaina dantzan jartzeko”. Bagera elkarteko Garazi Fariñasek azaldu duenez, ikasturteko lehen Mintzodromoan 140 bat lagun elkartu dira. Hurrengo Mintzodromoa azaroaren 23an egingo dute, Euskaraldiaren hasierarekin batera, eta Bagerakoak aurreratu duenez, “berezia” izango da.
Bagera elkartea 2009an hasi zen Mintzodromoak antolatzen eta urtean, lau egiten dituzte gutxienez, Donostiako Euskaltegi, Udaleko Euskara Zerbitzu eta San Telmo Museoarekin batera. Lau horiez gain, auzoetan eta egun berezietan ere antolatzen dituzte Mintzodromoak.
Helburua euskaraz hitz egiteko espazio bat sortzea da, euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzeko, zein euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko esparru gutxi dituenari aukera eskaintzeko. Era berean, euskalduna izanda euskaraz gutxi egiten duenarentzat motibazioa handitzeko gunea eskaintzea bilatzen da ere.