Topoaren igarobidearen lanak salatzeko giza katea egingo du Satorralaiak, urriaren 27an
Aste honetan Erdialdeko Xabier Zubiri plaza itxi dute topoaren igarobidearen lanak direla medio. Hori salatzeko elkarretaratzea eta giza katea egingo du urriaren 27an Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Londres Hotelak Alderdi Ederren duen aldetik Xabier Zubiri plazara egingo dute giza katea eta elkarretaratzea, 12:00etan.
“Topoaren igarobidea hiriaren eta Kontxako hondartzaren azpitik eraikitzeak kalte handiak eragingo ditu hirigunean”, adierazi dute. Antiguan, Mirakontxan eta Amaran abiatu diren obra guneetan sortu diren “arazoak eta kalteak” areagotuko direla nabarmendu dute: “Xabier Zubiri Plaza, San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleen okupazioa eta indusketa, zirkulazio karrilen eta espaloien mozketa, zarata, hauts eta gaien kutsadura eta abar”. Era berean, Satorralaiak adierazi du lanek arriskuak eragingo dituztela Urbieta, Easo eta Arrasate kaleetan, eta Artzain Ona zein Easo plazetako eraikinetan.
Bestalde, larunbat honetan erakusketa informatiboa egingo dute Bretxako azokaren ondoan, 11:30etik 13:30era. Erakusketak igarobideari buruzko informazioa eta kritika zortzi paneletan laburbiltzen du.