(Argazkia: Iñaki Agirre)
Parte Zaharreko San Lorentzo kaleko laugarren zenbakian lanean ari ziren langile batzuk sorpresa ederra hartu dute aste honetan: igogailu bat eraikitzeko lanetan ari zirela, XVI. mendeko bost olio-tina topatu dituzte lurzoru azpian. Atariko lurra zulatzen ari zirela egin zuten aurkikuntza langileek, lurzoruan egundoko hutsunea zegoela ikusita. Obraren arduradunak berehala jarri ziren Aranzadirekin harremanetan, eta zientzia elkarteko arkeologoak lanean ibili dira geroztik topatutako ondarearen ezaugarriak aztertu eta ateratze prozesua antolatzen.
Lehen ikerketaren arabera, aurkitutako objektuek 500 urte inguru dituztela azaldu dute adituek. Tina guztiak antzekoak dira, metro eta erdiko altuerakoak, eta bale-koipea gordetzeko erabiltzen zirela ondorioztatu du Aranzadik.
Hau ez da Parte Zaharrean horrelako aurkikuntza bat egin den lehen aldia izan. 1998an Bretxako lurzoruan egindako hondeaketetan garai bereko hamar olio-tina topatu zituzten, eta 2003an beste hiru atera zituzten Sarriegi plazako obra batetik. Zeramikazko tina horiek XVI. mendean Andaluzian sortuak izan zirela jakin zuen Aranzadik, eta topatu berri dituztenak ezaugarri berekoak direla adierazi dute arkeologoek.
Tina horiek Andaluziatik zetorren oliba-olioa eta Ternuatik ekarritako bale-koipea gordetzeko erabili ohi ziren. Koipe hura oso baliotsua zen duela zenbait mende, etxeen argiztapenerako lanparetan erabiltzeko aproposa baitzen. Kasu honetan, topatutako tinak ziurrenik garaiko merkatari batenak izango zirela azaldu du Aranzadik, aipatutako produktuen salerosketa oso ohikoa baitzen XVI. mendeko Donostian.
1813ko sarraskiko sutearen ostean auzoko eraikinak berreraikitzean, Parte Zaharreko lurzorua zenbait zentimetro altxatu zen, eta horren ondorioz tinak hondoraturik geratu ziren. Adituen arabera, ziurrena da inguruan pieza gehiago egotea, baina momentuz bakarra aterako dutela jakinarazi dute, datozen hilabeteetan Aranzadik Irungo Gordailuan aztertu dezan.