Gure Zirkua, zirkuko euskal artisten topagunea
Uda osoan zehar herriz herriz ibili da euskarazko lehen zirku ibiltaria, Gure Zirkua. Donostian amaituko da lehen bira, urriaren 27an, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Musika entzuten da herri osotik zehar. Herritar eta kuxkuxeroak leihoetara atera dira. Furgoneta baten bozgorailuetatik dator soinua. Gure Zirkua iritsi da herrira!
Iker Galartza aktorea da proiektuaren lehen hazia jarri zuen pertsona, txikitako amets bati jarraituz. «Handia izandakoan zirkuan lan egin nahi nuen, eta nire bidea norabide horretan joan da, umorezko lanak eta komikoak egiteko joera izan dut», azaldu du Amezketakoak.
Beste lan batzuetan ere ibili den arren, Galartzak ez du inoiz pailazogintza utzi, eta 2016. urtera arte, Poxpolo, Mokolo eta konpainia pailazo taldeko kidea izan zen, zirkuko beste partaide batekin, Joseba Usabiagarekin. «Mokolo hil ondoren, bera gabe berarekin egiten genuena egitea arraroa zela sentitu, eta proiektua utzi genuen. Orduan hartu zuen indarra zirkuaren ideiak».
Bi urtez Europatik karpa baten bila ibili ostean, Frantzia iparraldean aurkitu zuen bat, «txikia eta arina». Ondoren, harmailak eta lurra egurrez egin zituen eta amaitzean taldea osatu eta ikuskizuna prestatzen hasi zirela kontatu du Galartzak.
Zirkuko familia
Ikuskizunean 12 artistak parte hartzen dute, baina aktoreak nabarmendu du Gure Zirkua aurrera eramateko beste pertsona askoren laguntza beharrezkoa izan dela. «Ikuskizunetan familiakoen laguntza behar izaten dugu, esaterako, larrialdi irteeran egoteko edo sarreran harrera egiteko», aitortu du aktoreak.
Ordu eta erdiko ikuskizuna zirku klasiko baten pertsonaiek osatzen dute:?malabaristek, magoak, Poxpolo eta Don Martin aurkezleek, trapezio eta oihaletatik zintzilik dabiltzan artistek, alanbre gaineko orekariak, bi musikarik, soinu teknikariek, eta abar.
Gure Zirkuko artistak euskaldunak dira, baina gehienek Euskal Herritik kanpo joan behar izan dute trebatzera. Hala ere, nabarmendu du «orokorrean, zirkuko artistak nahiko autodidaktak» direla, eta Euskal Herrian, zirku profesionala lantzeko lekuak badaudela. Adunako Asvinenean entrenatzen dira, esaterako, Gure Zirkuko artista batzuk, eta Bilbon, Zirkozaurre gunea dago.
Ilusioz beteriko bira
Ekainaren 28an egin zuten lehen emanaldia, Amezketan. Ordutik, ikuskizuna «eboluzionatzen»?joan dela baieztatu du Galartzak, «saioak moldatzen joan direlako eta pertsona batzuk beranduago sartu direlako taldera».
Gure Zirkuaren helburu nagusia adin guztietako pertsonek zirkuaz gozatzea izan da, eta Galartzak esan duenez, helburua bete dute: «4 urteko umeak zein 80 urteko helduak etortzea lortu dugu».
Herritarren harrerarekin oso pozik daudela baieztatu du, eta Donostiako saioei buruz esan du «lehen birari amaiera emateko modu ezin hobea»?izan dela. Donostian «beso zabalik» jaso dituztela azaldu du: «Euskaraldiaren taldearen bultzada oso garrantzitsua izan da eta Donostiako Udalaren babesa, ezinbestekoa».
Donostiako saioak amaitu ostean, atseden hartuko dute, datorren maiatzean indarrez eta ilusioz proiektuari berriz ere heltzeko.