Inkesta: Orain Presoak
Sareren mugimenduarekin bat egin dute hiriko eremu askotariko lagunek, manifestaziora joateko deia zabalduz. Horietako batzuen iritziak jaso ditugu.
- Zergatik erabaki duzu Sareren Orain Presoak deialdiarekin bat egitea publikoki?
- Zergatik uste duzu orain garaia dela sakabanaketarekin bukatzeko?
- Gertuko kasuren bat duzu? edo zerk eraman zintuen gaiaren sufrimenduaz konturatzera?
Zuriñe Hidalgo, ABESLARIA: «Euskal Herrian bizi bazara, ezinezkoa da sufrimendu honetaz ez jabetzea»
1.- Aldaketen garaian gaude. Gure herriak garai berri bat bizi du; eta etapa berri honetan, elkarbizitza sustatzea, giza eskubideak bermatzea eta bakea lortzea ezinbestekoa da aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Hori lortzeko, politika batzuekin apurtu beharra dago. Sufrimendua, mendekua eta samina atzean utzi eta bide honetan aurrera begira jarri behar dugu.
2.- Dispertsioak soilik sufrimendua dakar. Zigor kolektibo bat da, askotan senide zein lagunen bizitzekin amaitzen duena, sekulako gastu ekonomikoak suposatzen dituena… Sufrimenduarekin amaitu behar dugulako, politika honekin ere amaitzea ezinbestekoa da.
3.- Nik uste dut Euskal Herrian denok dugula lagun bat, senide bat, ezagunen bat kartzelan egon dena (edo oraindik dagoena). Nire kasuan, lagun dezentek zapaldu dute kartzela, eta oraindik ere, tamalez, horietariko batzuek barruan jarraitzen dute. Errealitate hau txikitatik bizi izan dut eta, beraz, errealitate honekin hazi eta hezi naiz. Euskal Herrian bizi bazara, ezinezkoa da sufrimendu honetaz ez jabetzea, esan bezala, gure herriak bizi izan duen eta bizi duen egoera baita.
Xabier Euzkitze; KAZETARIA: «Espetxe-politika erabat bideragabea da, eta ezinbestekoa da gudu-zelaitik kanpo uztea»
1.- Normalizazio eta baketze bidean egin diren urratsen ondoren, presoen auzia da hurrengoa. Giza Eskubideen auzia ez da iritzi kontua, gure soka berekoen eskubideak babestea ez da giza eskubideen alde egotea.
2.- ETAk ekintza armatuak eten zituen lehenik, gero armak frantziar autoritateen esku utzi, eta azkenik desegin. Ez dago urrunketa justifika dezakeen motiborik, gorrotoaz edo mendekuaz harago, eta gobernu baten erabakiak ezin dira sentipen horien mende egon
3.- Ez dut gertuko kasurik, ez naute sentimenduek ekarri dinamika honetara, are gutxiago estimu pertsonalak. Espetxe-politika erabat bidegabea da, eta ezinbestekoa da politikaren gudu-zelaitik kanpo uztea.
Kattalin Miner; KAZETARIA: «Uste dut herritar gisa denon ardura dela arazo honi aurre egitea»
1.- Uste dudalako arazo politiko baten ondorio direla presoak, eta garaia dela erantzun politiko eta herritar bat emateko. Testuinguruko politiko honetan eta azken urteetan gertatutakoarekin ezinbestekoa da, eta beharrezkoa da irtenbide bat ematea lehenbailehen eta gizarteak hori exijitzea.
2.- Sakabanaketaren gaia betidanik egon da presente, eta min handia eragin du urte askoan. Gainera, ETAren desagerpenetik, are eta nabarmenagoa da injustizia sortzen dela, eta min handia eragiten duela. Uste dut kontestu politiko egokian gaudela behingoz dispertsioarekin bukatzeko. Gainera, momentu honetan herritarrek euren ahotik hitz egin behar dute, eta eskatu behar diete, batez ere, Espainia eta Frantziako gobernuei konponbiderako ezinbestekoa dela presoen eskubideak bermatzea, eta ezinbestekoa dela sortutako minarekin bukatzea.
3.- Euskal Herrian zuzeneko senide edo lagunik izan ez arren, nahi duenak ingurura begiratu eta ikus dezake oso presente egon den min bat dela. Erraza da ezagutzea astero-astero bisitan joaten den norbait. Niri egokitu izan zait bisitak egitea ehunka kilometrora, eta horrek berak sentsibilitatea areagotzen du seguraski. Edonola, uste dut herritar gisa denon ardura dela arazo honi aurre egitea.
Gaiaren inguruan Sara Majarenas preso ohia elkarrizketatu dugu.