"Oso gertu sumatzen ditut realzaleak"
MADDI TORRE. Rrealeko jokalaria
ATHLETIC IZAN DA LIGAN REALARI IRABAZTEA LORTU DUEN LEHEN TALDEA, JOAN DEN IGANDEAN LEZAMAN JOKATUTAKO DERBIAN; AURRETIK IZANDAKO LAU PARTIDETATIK HIRU IRABAZI DITUZTE TXURI-URDINEK, ETA BAT BERDINDU. AURTEN IRITSI DA TALDERA MADDI TORRE (DONOSTIA, 1996), ETXEAN ARITZEAZ OSO POZIK DAGO, ETA BESTE TALDEETAN FALTA
IZAN ZAIZKION MINUTUAK IZATEKO DESIATZEN ARI DA.
Betidanik aritu zara futbolean?
Bai, uste dut baloi batekin jaio nintzela, sekulako grina nuen. Sopelan bizi ginenean, Ugeragan jokatu nuen mutilekin, gero neskekin Bizkerren aritu nintzen, eta handik Athleticera jauzi egin nuen.
Hain zuzen, ibilbide profesionaleko zatirik handiena Athleticen egin duzu orain arte. Zein oroitzapen gordetzen duzu?
Bost urte egin nituen Athleticen, lau urte laugarren mailan; eta azken denboraldia, lehenengo mailan. Ezinhobe bukatu nuen, liga irabazi genuelako. Gainera, jardunaldi baten faltan lortu genuen irabaztea, eta Tenerifen bertan ginela ospatu genuen. Lehenengo lau urteak oso gogorrak izan ziren arren, azken oroitzapenak oso onak ditut. Aukera gutxi izan nituen, baina gol bat egitea lortu nuen, beraz, orokorrean sentipen onekin geratu nintzen.
Handik Badajozera eta Sevillara bidaiatu zenuen. Nolakoak izan ziren esperientzia haiek?
Hori da. Athleticek esan zidan nire hango etapa bukatu zela, eta erabaki nuen Badajozera joatea, Santa Teresara. Aldaketa handia izan zen, Athletic oso klub handia da, sekulako azpiegiturekin, eta Santa Teresa familia baten modukoa da, gutxienekoa duena. Edonola, oso gustura egon nintzen han urtebetez; zeukaten guztia ematen ziguten, eta hori oso eskertzekoa da. Bederatzigarrenak geratu ginen ligan, eta gutxigatik ez ginen sartu Kopan; orain bigarren mailan daude.
Gero Betisera joan nintzen, baina ez nuen ia aukerarik izan. Bartzelonaren aurka eta Atletiko Madrilen aurka jokatu nuen, eta joan-etorriko lau partidak galdu genituen. Beste denboraldi baterako kontratua nuen, baina akordio batera iritsi ginen eta Realera etorri nintzen.
Donostiarra izanik, etxeko taldean jokatzeko gogoa izango zenuen!
Beti izan dut bihotza erdibitua. Ama donostiarra da, eta realzalea; aita bilbotarra da, eta Athleticzalea. Ni Donostian jaioa naiz, eta realzalea izan naiz betidanik, baina Gasteizen eta Sopelan bizi izan nintzen txikia nintzela. Beti esaten dut donostiarra naizela, baina bilbotarra ere banaiz.
Egia esan, banuen gogoa etxetik gertu egoteko, kanpoan egotea askotan zaila egiten baita, batez ere kirol arloan gauzak ez doazenean ongi. Banekien Reala niretzako oso aukera ona zela; kluba ezagutzen dudalako, eta hiria nirea balitz bezala sentitzen dudalako. Eta bai, Donostiara itzultzea amets bat betetzea izan da.
Zubietako azpiegiturez eta klubaz zer esan dezakezu?
Zubietari hamarrekoa emango nioke, gainera, daukaten guztia gure eskura jartzen dute. Jakuzziak eta ur tenperatura desberdinetan sartzeko aukera dugu, pultsometroak jarri dizkigute, goizetan entrenatzen hasi gara orain, eta batzuetan hemen bazkaltzen dugu. Nabaritzen da emakumeen futbola goruntz doala, eta Realak horretan ere goian egon nahi duela.
Goizetan ere entrenatzen duzuela diozu, baina ez zarete futbolaz bizi. Ikasketekin uztartzea zaila egiten zaizu?
Gogorra da. Ez dugu ahaztu behar duela bost urtera arte jokalariak horrela bizi zirela, lanean edo ikasten, eta partidetarako bidaiak autobusez egiten, eta hori bai dela gogorra. Guk gero eta erraztasun gehiago dauzkagu, eta ez gara gutxiago izango, errazagoa dugu eta. Egia da gero eta denbora gehiago pasatzen dugula Zubietan, gero eta gehiago eskatzen digutelako. Ni medikuntza ikasten ari naiz Leioan, hirugarren mailan nago, eta pixkanaka noa. Futbola bukatzen zaidanean mediku izateko aukera badut, ba horixe izango dut!
Emaitzei begiratuta, denboraldia ongi hasi duzuela argi dago. Nola ikusten duzu taldea?
Egia esan, nahiko erraza izan da taldea batzea. Berriak ongi sartu gara taldean, eta aurretik zeudenek asko lagundu digute. Dinamika on batean sartzeak, gainera, izugarri erraztu du bidea. Emaitza onak iristen direnean, lehenago iristen gara gizatasunera. Taldea nahiko txikia da, eta uste dut denak izango garela garrantzitsuak; Gonzalok [entrenatzaileak] hori esaten digu eta horrela sentitzen dugu.
Iazko denboraldi hasiera gogorra izan zen taldearentzat. Gonzalo Arconada entrenatzaile jarri eta emaitza onak iritsi ziren. Hasiera on bat izateak asko laguntzen du, ezta?
Bai, noski. Guk bagenekien garrantzitsua izango zela Tenerifen puntuak lortzea, eta igo berriak diren bi taldeei, Logroñori eta Malagari, irabaztea, eta ez da horrela izan, baina puntu batzuk lortu ditugu lehen partidetan. Dinamika onean sartuak gaude, eta bereziki, ilusio handiarekin.
Talde gaztea duzue, eta Nahikari Garcia liderra dela esan daiteke?
Bai, oso talde gaztea dugu, ligako gazteena, eta Nahikari da liderra, 20 urterekin. Uste dut hori ona dela, guk dugun ilusioa ez duelako izango 35 urteko batek, normalean. Santa Teresan nengoenean, ikasi nuen ilusioarekin edonora iritsi zaitezkela. Oso langileak gara gainera, eta horrela jarraitzera bultzatzen gaitu dinamikak. Nahikarirentzat ez da erraza egin behar duena, baina taldea bultzatzeko oso gai dela uste dut, erakutsi du.
Gol bat sartzea ere lortu duzu!
Bai. Logroñoren aurkako partidan sartu nuen, eta asko poztu nintzen. Pena izan zen partida berdinketarekin bukatu izana, baina 80. minutuan oraindik 0-2 galtzen ari ginen. Niretzako gol garrantzitsua izan da, lehenengoa izan delako kamiseta honekin, baina berez gol bat besterik ez da. Hor geratuko zait, memorian.
Zubietako giroa nolakoa da partidetan?
Faltan botatzen nuen euskal giroa. Oso gertu sumatzen ditut realzaleak, eta gero eta jende gehiago etortzen da gu ikustera. Jokalariek asko eskertzen dugu jendearen harrera, gero eta mezu gehiago iristen zaizkigu, eta komunikabideen aldetik babesa ere nabaria da. Garrantzitsuak sentitzen gara Realean, eta gure konpromisoarekin erantzungo dugu.
Zeren bila doa aurten Reala?
Gure helburua esango nuke Bartzelonaren berdina dela, ahalik eta partida gehien irabaztea. Partidaz partida goaz, ezin dugu orain pentsatu liga irabaziko dugula edo horrelako helburu handirik. Liga bukaeran ikusiko dugu noraino iristeko gai garen.
Luzerako ikusten duzu zure burua Realean?
Oso gustura nago, eta asko eskertzen dut eman didaten aukera. Gainera, minutuak izaten ari naiz, eta hori zen nire nahietako bat. Momentua aprobetxatu nahi dut, ahalik eta hoberen egin, eta erakutsi nahi dut ez direla nahastu niregatik apustu egin dutenean. Horretan jarraituko dut.