"Parte Zaharretik botako gaituzte donostiarrok, baina beste auzo batzuk irabaziko ditugu"
Eneko Olasagasti, zinema zuzendaria eta gidoilaria
Rekalde tabernarekin harreman berezia du Eneko Olasagastik. Laster itxi egingo dute, eta leku honen pasadizoak gordeko dituen proiektu batean ari da lanean:?‘Rekaldeko istorioak’. Zergatik aukeratu duzu Rekalde taberna? Arrazoi desberdinak pilatzen dira. Alde batetik, asko bisitatzen dudan taberna bat da. Ni Parte Zaharrekoa naiz, eta pentsatu dut inportantea zela hemengo taberna bat aukeratzea. Gainera, urte askoan Euskal Aktoreen Batasunaren bulegoa hemen ondoan izan genuen, eta orduan ezagutu nuen Agus [Rodriguez], jabea. Horrela sortu da Rekalderekin dudan harremana. Eta pisuzko beste arrazoi bat da Rekalde ixtera doazela, eta uste dut aitzakia on bat zela, ikusgarritasuna emateko eta azaltzeko espazio honek auzoan izan duen balioa. Rekaldeko jendearekin bideo batzuk grabatzen ari zaretela esan dit jabeak. Bai, oso proiektu polita da, bihotza dauka. Ukitzen gaituen istorio bat kontatzen ari gara, lekukotasun bat biltzen. Itxi dadila Rekalde, baina ez dadila isilpean izan. Jendeak jakin dezala nolako taberna izan den. Rekaldeko istorioak izena jarri diogu. Bideo txiki batzuetan Rekaldeko harremanak eta bizipenak kontatuko ditugu. Agertzen dira Agusen anai-arrebak, kale honetan hustuko duten etxe bateko bizilagun bat, Danele Sarriugarte idazlea, lehenengo bezeroetako bat… Balioa eman nahi diogu alde humanoari, harremanen mundu hori erakutsi. Sare sozialen bidez zabalduko ditugu pilula txiki hauek, eta ikusiko dugu ea bukaeran prozesu honetan biltzen ari garen material guztiarekin dokumental bat grabatzen dugun. Auzokoa zara. Zure ustez, nola aldatu da taberna giroa? Esku batekin zenbatu ditzaket nik bisitatzen ditudan tabernak eta gordetzen dutenak garai bateko espiritua. Lehen, auzotarrek tabernariekin bagenuen harreman bat, ezagutzen genituen zerbitzariak eta jabeak, beste bezeroekin hitz egiten genuen… hori da, nire ustez, taberna bat; ez da komertzio huts bat. Nik hori bilatzen dut, txikitatik taberna giroan eta harreman mota horietan ibili naiz. Orain beste interes batzuk lehenesten dira. Asko hitz egiten da auzoaren gentrifikazioaz eta turistifikazioaz. Bizilagun gisa, zein iritzi duzu? Nik nire urteak ditut, eta mota askotako Parte Zaharra ezagutu dut, baina uste dut galtzen ari garela, edo ia galduta daukagula. Gaur egun, bihurtu dute pintxoaren parke tematikoa. Sentsazioa daukat borroka galdu bat dela, gu baino askoz indartsuagoak direla. Hartu dute, eurena da auzoa. Eta uste dut geratzen zaigun aukera bakarra dela erresistentzia guneak mantentzea eta zaintzea. Honek ondorio on bat izan dezake –bueno, alde on bat bilatzeagatik…–: auzoak indartu egingo dira. Donostiarren harremanak eta bizitzeko moduak modu batekoak dira, eta hor bere lekua zuen Parte Zaharrak. Hemen ez badaukagu hori, energia, indar eta harreman horiek beste auzo batzuetara zabalduko dira. Parte Zaharretik botako gaituzte donostiarrok, baina beste auzo batzuk irabaziko ditugu. Nola gogoratzen duzu lehengo Parte Zaharra? Ni 1960koa naiz. Nire arreba eta biok txikitan kalera ateratzen ginen, eta Parte Zaharretik ibiltzen ginen patinekin. Beste auzo bat zen, beste garai batzuk ziren. Nire etxeko balkoitik ikusten genuen nola hasten ziren manifestazio guztiak. Eta nik beti esaten dut ikusi ditudala polizia uniforme guztiak, kolore guztietakoak, beti ostiaka. Hori ere aldatzen joan da. Gogoratzen dut baita ere, 15 urte nituenean, mobida izan zela, eta Parte Zaharra itxi zutela, portutik zubiraino. Iritsi, eta Bulebarreko kabina batetik deitu nion amari, jaitsi zedin, ni etxean sartu ahal izateko. 40 urte hauetan asko aldatu da, eta azken hiruzpalau urtean gehiago, azkarrago. ETAren desagertzearen ondorioetako bat hau izan da. Denetik egin duzu zure ibilbidean. Beti gustatu izan zaizu gauza desberdinak probatzea? Nik uste dut alde batetik dagoela norberaren joera, bere nortasuna. Antzerki eskolako irakasle batek behin paper batean jarri zidan: «El mas polifacetico de todos». Berezko zerbait badakartzu, eta lanbide honetan ez badituzu adar asko ukitzen, ez da erraza mantentzea. Oso modu naturalean egin ditut gauzak guztiak. Aktore lana izan da bazterrera uzten joan naizena, baina orain agian berriz hartuko dut. Idaztearekin lotuta dagoena: telebista, zinema, dokumentalgintza… Gidoiak idatzi ditut, eta agian joera izan da nik sortutako proiektuetan lan egitea. Bizitzak ematen dizkizu aukera batzuk, eta eman dizkidanak aprobetxatu ditut. Badira gauza batzuk ez ditudanak egingo, badakit ez dudala inoiz kantatuko. Gainera, ni ez naiz lehen mailako bat. Bigarren mailako sortzaile bat naiz. Herri kulturarekin lotura duen pertson bat naiz, pop edo popularra esaten zitzaiona, eta ez nago adar batekin identifikatuta. Beste batzuek sortzen dute bere obra literaturaren inguruan, musikaren inguruan edo zinemaren inguruan. Nik ere nire obra ere sortzen dut, baina ez da identifikagarria. Batez ere, zuzendaria eta gidoilaria naiz, baina orain Euskal Aktoreen Batasunaren bulegoan ari naiz lanean. Zure lanean beti izan duzu garaian garaikoa kontatzeko beharra? Uste dut honetan lan egiten dugunok hori egin behar dugula. Garai batean tokatu zaigu bizitzea, eta azken batean, kontatzen ari gara gure garaia eta guk nola ikusten dugun. Berdin du nola. Ez dut hainbeste fikzio egiten, telebista ez dut egiten, ez delako telebista egiten. Baina egiten genuenean, gure asmoa zen garaian garaiko produktua egitea, eta horretan jardun dugu. Momentu batean dokumentalgintzan hasi nintzen: Barrura begiratzeko leihoak eta Alardearen seme-alabak egin nituen. Batean, nire lagun min baten historia kontatzen nuen, Mikel Antzarena. Asko mugitu ninduen maila pertsonalean, eta baita sortzailean ere: bizitza, ikus-entzunezkoak eta lekukotasun bat ematea. Eta bestean, aukeraizan nuen alardearen gaiari heltzeko. Aitona Hondarribikoa nuen, eta gai hori ere hor nuen bueltaka. Orain, Astigarragako Harituz taldearekin ari naiz dokumental bat egiten, Matazak bortizkeria sexistaren aurka egitasmoaren barruan. Duela lau urte hasi ziren Astigarragan. Jubilatuak dira gehienak, eredu klasiko batekoak, baina bat-batean denak daude sartuta mobida feminista indartsu batean, hartu duena sekulako neurria. Esan duzu ez dela fikziorik egiten Euskal Telebistan. Zergatik? ETB klabea da. ETBri esker sortu da aktore corpus bat herri honetan. Eta bat-batean ETBk ez zu ezer egiten. Bere betebeharra telebista publiko gisa izan beharko litzateke fikzioa sortzea. Nahiko onartua dago zinean gure historiak gure ahoz kontatu behar ditugula, baina telebistan? Gaur egun ezin duzu banatu zinema eta telebista. Bada zezen horri heltzeko ordua. Guk duela zazpi urte egin genuen Bi eta bat-en itzulera, eta horren ondoren ez da beste ezer egin. Egin behar dena da egin. Aterako dira onak, hobeak eta erdipurdikoak… baina fikzioa ekoiztu behar du ETBk. Beti iruditu zaie oso garestia fikzioa, eta garestia da. Gero zer kontsumitzen dugu? Zine amerikarra. Dirua gastatu behar da, garestia delako, eta onartu. Irakasle lanetan ere bazabiltza, Mondragon Unibertsitatean. Belaunaldi gazteekin egotea gustuko duzu?Kontaktuan mantentzen nau gazteekin. Badaude gauza batzuk euren jarreratan garaiekin doazenak. Baina badaude beste batzuk lehengo berdinak direnak. Azkenean dira gazteak. Fakultate horietan beti topatzen duzu bat Bergman edo Spielberg izan nahi duena lehen film laburrarekin, edo beste bat batere axola ez zaiona ematen duzun irakasgaia –nik aktore zuzendaritza ematen dut–. Funtsean pertsonak gara, eta nahiak eta bestelakoak beti dira berdinak. Nik beti konektatuko dut hobeto istorioak kontatu nahi dituztenekin. Harreman mugatua da, ez oso sakona, baina pistak ematen dizkit. Bitxia da. Aurten, udaberrian izango ditudan ikasleak jaio ziren nire bigarren filma egin nuenean. Ez naute ezagutzen, ez dakite zergatik ari naizen eskolak ematen. Konturatzen naiz zenbat zahartu naizen eta zenbat denbora pasa den euren adina izan nuenetik! Belaunaldi gazteek zein eredu izango dituzte? Gu izan ginen lehenengoak profesionalizatzen arlo askotan, eta gure zahartzearekin ziklo oso bat beteko da. Gure erreferentziak kanpokoak ziren, ez ziren euskaldunak. Oraingo gazteek badute Ramon Agirre bat. Aktorea da, eta film asko egin ditu. Ziklo hori bete da nolabait. Sekulako ibilbidea egin du, baina besteak beste, urteak egin dituelako. Gauzak egin behar dira erreferenteak izan ditzan jendeak. Pentsatzekoa da gure ondarea nola zaintzen ari garen, hori kezkagarria da. Eten egin da soka hori. Zuk soka bat baduzu, eta tira eginda badakizu nortzuk hasi ziren hau dena egiten. Bertsolaritzak, adibidez, oso ondo asmatu du. Aho batekotasun bat egon da herri mailan, eta ados jarri gara hori babestu behar dela, eta gure ondarea dela. Ba beste arlo artistikoekin berdin, herri gisa babestu egin behar ditugu.HAMABIETAN BERMUTA. Gilda eta ardo zuria. Non: Rekalde taberna. Aldamar kalea, 1 (Parte Zaharra). Prezioa: 2,50 euro.