"Gaur egun nor egon daiteke halako urraketen alde?"
Manifestazioa antolatu du biharko Sare mugimendu herritarrak, 'Orain Presoak' dinamikaren barruan. Antiguako tuneletik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan, eta ahalik eta pluralena izatea espero dute, indar gehiago izan dezan. Donostiako hainbat aurpegi ezagunek bat egin dute deiarekin, eta Sara Majarena preso ohia da horietako bat. Espetxean bizi izan zuenaren berri eman digu, eta egoera nola ikusten duen azaldu du.
Zergatik erabaki duzu publikoki bat egitea Orain Presoak dinamikarekin?
Maiatza aldera hasi ziren Orain Presoak dinamika josten, eta ni orduan kaleratu berria nengoen. Ateratzean gogoratu nintzen barruan geratu zirenekin, eta korapiloa askatu beharra sentitzen nuen. Nire ekarpena egin nahi nuen, nire indarra horretara bideratu, eta gustura egiten dudan zerbait da.
Hamahiru urte egin dituzu espetxean. Nolakoa da euskal emakume preso baten bizitza?
Askotan hitz egiten da gai honetaz, baina uste dut zaila dela bestearen larruan sartzea. Euskal preso izate hutsarengatik, salbuespen egoera batean gaude, eta onartu beharko zizkiguten eskubide gehienak urratuak izaten ditugu. Gainera, emakumea izanda, urraketak gehiago dira. Herritik urrun, nahita, eta gainera, emakume bakoitza bakartuta. Gizonak normalean binaka egoten dira, eta kopuru hori ere tamalgarria da, modulo batean denak elkarrekin egon gintezkeelako, barkatu, daitezkeelako… batzuetan oraindik ateratzen zait hitz egitea barruan egongo banintz bezala.
Kirol jarduerak, adibidez, gizonentzako izaten dira normalean, eta barruan estigma are handiagoa sortzen du. Giro bat sortzen da kartzela eta emakumeen artean… askorako ematen duen gaia da, erpin asko azaleratzen ditu. Oraindik hamasei emakume bakarturik daude.
Indarkeria matxistaren biktima ere izan zinen; alaba, Izar, arriskuan izan zenuen, eta zure kasuak zeresana eman zuen. Herritarren babesa nabaritu zenuen?
Kasua oso larria eta gogorra izan zela argi dago. Hortik zerbait ona atera behar badugu, herriaren babesa izan zen, eta eskubide urraketen aurrean nola elkartu zen jendea.
Orain nola zaude?
Norberak eraman behar du gainean bizitako guztia. Sekulako barnelana egin behar dut, eta hori nik bakarrik egin behar dudan zerbait da, eta asko kostatzen ari zait. Askoz hobeto nago kalean, barruan nengoenean baino, hori argi daukat. Baina ariketa asko pixkanaka egin behar ditut, ez da bat-batean konpontzen den zerbait. Barneratu egin behar dut gertatu zaidan guztia, denbora pasa den arren, uste dut ez dakidala ongi oraindik zer gertatu zitzaidan.
Zer topatu duzu kalean?
Harrituta geratu naiz bizitza erritmo azkarrarekin. Azkar ohitu behar duzu, bestela atzean geratzen zarelako. Barruan beste erritmo askoz monotonoagoan ohitzen gara, eta bat-batean tren honetan sartzen zara… hau bai dela abiadura handiko trena!
Orduan nola ikusten duzu zeure burua, egokitze prozesuan?
Bai, luzea egiten ari zait, baina bai, egokitzen ari naiz. Egokitzen noan heinean, oraindik gehiago falta zaidala ikusten dut. Hasieran sekulako adrenalina ziztada jaso nuen, eta gero lurreratu nintzenean, oraindik asko falta zitzaidala konturatu nintzen. Agian bizitza osoa beharko dut erritmo honetara egokitzeko. Ez da erraza.
Izar zer moduz dago?
Haurrarena ikaragarria da; sekulako gaitasuna dute egokitzeko. Askotan esaten dut ez garela hainbeste kezkatu behar haurretaz, eta arreta gehiago eskaini behar diegula amei.
Aldarrikapenetan esaten genuen bezala, umeak hemen egon behar zuen. Gertatutakoaren ostean, lehenengo unetik Euskal Herrian egon behar ginen. Ikusi da zein on egin digun bioi, baina batez ere Izarri. Babestua dago bere herrian, bere hizkuntzan hitz egin dezake, eta ikastolaren laguntza izugarria izan da. Argi eta garbi hau da hasieratik gertatu behar zena. Oraindik barruan dauden gainontzeko ama eta umeentzako irtenbide bat bilatu behar dugu, ezin ditugu onartu halako banaketak. Nire kasua bortitza izan zen, baina ikusi genuen posible zela ama eta alaba ez banatzea.
Zuk bezala, beste hainbat lagun ezagunek bat egin dute Orain Presoak dinamikarekin. Horietako asko ez dira ohiko aurpegiak halako gaietan. Horrek bultzada berezia ematen dio deiari, ezta?
Bai, hori zen deialdi honen nahia. Manifestazioa kopuruz handia izatea ongi dago, herriaren nahia argi gera dadin, baina kopuruz baino gehiago pluraltasuna nahi dugu. Ideologikoki jende plurala lortu nahi genuen, baina gauza batek batzen gaitu: elkarbizitzarako pauso garrantzitsutzat jotzen dugu presoen eskubideak bermatuak izatea. Horrek batzen gaitu. Aste honetan bat egin dute deialdiarekin sindikatu guztiek, eta Comisiones Obreras eta UGT-k halako deialdi batekin bat egitea jo daiteke aitzindaritzat. Oso zabaldua dago jendartean, gaur egun urraketa hauekin bukatu behar dugula, eta urraketa horiek mantentzeak zailtasunak sortzen dituela elkarbizitzarako.
Orduan pozik zaudete jasotako erantzunarekin?
Bai. Ikusten dut inork ez duela aurkako jarrera hartzen, ez bada alderdi zehatz bateko pertsona zehatz bat. Pena daukat pertsona esanguratsu asko ausartak izan beharko zirelako, eta ez dutelako bat egin. Eskubideen urraketen aurka edonor jar daiteke, eta ados egon arren, kosta egiten zaie ateratzea. Norbanako gisa… gaur egun nor egon daiteke halako urraketen alde?
Aldarrikapenaren barnean lau zutabe nagusi aipatzen dituzue: sakabanaketarekin bukatzea, gaixo dauden presoak etxeratzea, zigorren batuketa ez erabiltzea, eta lehenengo gradua ez aplikatzea. Bakoitza azalduko zenuke?
Bai. Lau aldarrikapenak legedian bilduak daude, beraz, Orain Presoak dinamikak eskatzen duena da legedia betetzea, ez goaz haratago.
Presoen sakabanaketa argi dago senideen aurkako neurri bat dela. Ezin dugu denbora gehiagoz luzatu erruleta errusiar hau, eta halako sufrimendua mantentzen duen salbuespeneko neurri bat. Larriena da askotan aipatzen dugun motxiladun umeen egoera, eta orain mahai gainean jartzen ari den zaharren kasua. Nola izan daiteke 2.000 kilometro egin behar izatea zure semea edo alaba bisitatzeko, 90 urte baldin badituzu, edo gaixo bazaude? Gainera, presoak Zaballan sartzeko aukera dago.
Gaixo dauden presoak argi eta garbi etxean egon behar dira. Legediak dio presoak etxean egon behar direla haien tratamenduak eta osasun egoerak hala eskatzen badu. Badaude oraindik 21 preso eritasun larriekin; ezin dugu beste heriotz bat onartu, edo halako baldintzetan egotea kimioterapia edo tratamentu psikologikoa behar duen pertsona bat.
Zigorren batuketarena orain ahoz aho dabil, eta 23an aterako omen da Estrasburgoko epaia, eta hemen berdin. Europako legediak esaten du behin zigor bat beteta Europako herrialde batean, ezin duzula berriro bete beste herrialde batean. Hemen da lehenengo lekua hori betetzen ez dena. Legea beteko balitz, 21 preso jada kalean egongo lirateke, betetzen ari direlako berez ezarritakoa baino zigor handiagoa.
Abokatuak sekulako lan juridikoa egiten ari dira lehenengo gradutik bigarrenera igarotzeko presoak. Ez dago arrazoirik horrela mantentzeko. Lehenengo graduak egiten duena da gogortu are gehiago bizi baldintzak, eta aurrerapausoak oztopatzen ditu.
Espainiako Gobernuan aldaketa egon da, eta mugimenduren bat egin dute. Zein jarrera sumatzen duzue?
Posible dela argi dago. Kontua da oso baikor hasi ginela, gobernua aldatu eta sekulako adierazpenak egin zituelako bai Pedro Sanchezek eta bai Grande Marlaskak. Baina gero ez dituzte pausoak eman, eta horrek larritzen gaitu. Horregatik du halako garrantzia larunbateko manifestazioak. Ikus dezatela hemen nahi bat dagoela, aldarrikapen bat dagoela, posible dela, eta ezin duela inork honen aurka agertu, giza eskubideez hitz egiten ari garelako. Zuhurtasunez hitz egin nahi dut gobernu aldaketaz. Gainera, gerturatze masiboak egon diren aldi bakarrean, PP zegoen gobernuan. Esan dute Zapatero barkatzearen alde zegoela, baina ez zuen ezer egin, eta orain PSOE ere alde omen dago, baina non dago? Baditugu dinamikarekin bat egin duten PSOEko politikari ohiak sinatzaileen artean.
Zer espero duzue manifestazioan?
Handia izan behar du, denak gaudelako eskubide hauek aplikatzearen alde. Edonola, esan dudana, aniztasun horretan batzen gaituen zerbaitek indartuko gaitu. Elkarbizitzaren aldeko ekitaldi bate egongo da Miramar Jauregian aurretik, eta horrek ere gaiari hauspoa emango dioela uste dut. Gai honi behar duen garrantzia eman behar diogu.
Eta gero zer gertatuko da?
Indar metaketa horretan sakontzen jarraitu behar dugu. Elkarbizitzarako lagunduko duten gai guztietan batzen jarraitu behar dugu, geratzen zaizkigun korapilo guztiak askatzeko.
Deiarekin bat egin duten herritar batzuei inkesta egin diegu.