Liburuka proiektua abian jarri dute. (Argazkia: Donostia Kultura)
Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak
Liburuka irakurketa sustatzeko proiektua landu du, eta hiriko ikastetxeekin elkarlanean jarri du abian 2018-2019 ikasturtean. Lau egitasmo definitu dituzte. Horietatik hiru ikastetxeei begirakoak dira:
Motxila txikia, Irakurle gazteak eta
Itsaspeko bihotzak. Laugarrena, aldiz, liburuzanentzako hiru ikastaro.
Motxila txikia irakurketa bultzatzeko asmoz, liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da. Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrentzako da. Astero, ostegunean edo ostiralean ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da,
Motxila txikia txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta aste buruan etxean irakurri ondoren, hurrengo astean ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin batera. Donostia Kulturak Galtzagorri elkartearekin batera abian jarri du, Mintzoan kux-kux egitasmo zabalagoaren barruan.
Irakurle gazteak egitasmoaren xede nagusia da Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea. LHko eta DBHko 1. zikloko ikasleei zuzenduta dago. Itsaspeko bihotzak areto literarioa hiru astez egongo da ikusgai, azaroaren 13tik abenduaren 3ra, Konstituzio plazako Liburutegiko Mandas Dukearen aretoan. 8 eta 14 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur eta gazte literatura oinarri hartuta.
Donostia Kulturako liburuzainak etengabeko formazioa jasotzen ari dira haur eta gazte literaturan. 2018an hiru ikastaro jasoko dituzte, lehenengoa udaberrian izan zen eta udazkenean beste bi ikastaro egingo dira; Irakurzaletasuna sustatzeko lantegia eta Explorando los materiales de lectura.