Udaltzaingoak 'segurtasun lanetarako' drone bat erosi du
Donostiako Udaltzaingoak “ohiko segurtasun eta prebentzio zereginak burutzeko” erabiliko duen dronea aurkeztu du gaur udaletxean. Kameradun gailu hau hiriko istripu, uholde, erreskate edo larrialdi egoeratan erabilgarria izango dela azaldu dute udaleko ordezkariek.
Dronearen erabilera gailu hauei dagokien araudira egokituko dela nabarmendu du Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak, eta “Udaltzaingoa punta-puntako teknologiekin hornitzeko” balioko duela azpimarratu du.
DJI Phantom 4 Pro modeloko droneak bereizmen handiko kamera bat du eta irudiak zuzenean monitorizatzen ditu. Aparatuak 120 metroko altuera har dezake eta bere bateriak 20 minutuko autonomia dauka. Gailuak 3.000 euro inguruko kostua izan du, eta Udaltzaingoak dronea gidatzeko bost agente prestatu ditu.
Donostiakoa gailu hauetako batekin egin den EAEko lehen polizia munizipala da, eta datorren urtean gaitasun tekniko handiagoetako beste drone bat erostea aurreikusten du udalak, besteak beste, erosi berri dutena ezin delako euriarekin erabili.