(Argazkia: Haziera)
Haziera hazien artxiboak antolatuta, elikagaien haziak erauzteko eta garbitzeko auzolana egingo dute bihar, urriak 24, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, 16:00etan. Helburua, elikagaien haziak (piperrak, kalabazina, errefautxoa, artobeltza, letxuga, eta abar) erauzi eta gordetzeaz gain, hazien ugalketari eta baratzeko lanei buruzko zalantzak eta esperientziak partekatzea da.
Haziera, haziak eta euren inguruko jakinduria zabaltzeko eta partekatzeko egitasmo bat da. Eskala txikiko nekazaritza mantendu, eta landutako bioaniztasunaz kezkatzen diren pertsona eta erakundeentzako topagunea sortzea da egitasmoaren helburua. Era berean, gaur egungo nekazaritzaren eta elikaduraren egoerari buruz hausnartzeko gune bat sortzeko xedea dauka.
Azaroaren 14an ere haziak erauzi eta gordetzeko beste jardunaldi batzuk egingo dituzte, hasitako proiektuari jarraipena emateko.