'Zer nahi duzu parkean?' prozesu parte-hartzailea abiatu dute Uliako mintegietan
Uliako Lore-Baratzetako kideek Zer nahi duzu parkean? parte hartze jardunaldiak antolatu dituzte auzotarrek mintegiei zein erabilera eman erabakitzeko. Egitasmoa hiru egunetan gauzatuko dute. Lehenengoa aurreko igandean izan zen, Udazkeneko jaialdian, eta hurrengoak azaroaren 4an eta 18an izango dira, 17:00etan.
Jardunaldietan auzotarren iritzi eta proposamenak jasoko dituzte, Uliako mintegien proiektua auzo osora zabalduko den era parte-hartzaileago batean garatzeko. Prozesua amaituta, aurkeztutako proposamenak aurkezteko ekitaldia egingo dute parkean abenduaren 23an.
Udalak apirilean Uliako mintegien eremuan Aranzadi zientzia elkarteari bere egoitza eraikitzeko aukera eskaini zionetik, auzotarrek ez dute parkearen etorkizunari dagokion informazio berririk jaso, baina Uliako Lore-Baratzetako kideek mintegiak babesten jarraitzeko asmo irmoa dutela berretsi dute hainbatetan.