(Argazkia: Donostiako Udala)
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lotune berri bat eraikiko dute GI-20 Donostiako saihesbidean. Marrutxipin kokatuko duten lotuneak Intxaurrondo, Egia eta Gros auzoetarako zuzeneko sarbidea hobetzeaz gain, hiriko beste alde batzuetara bideratuko du zirkulazioa. Zazpi milioi inguruko aurrekontua izango du eta 2020aren hasieran lanekin hastea aurreikusten dute.
“Lotune berria eraikitzen denean, zirkulazioaren jaitsiera nabarituko dute zenbait tokitan. Hala nola, Karlos I.aren hiribidean, Loiolako Erriberan, Urumea pasealekuan, Garberako biribilgunean eta Otxoki pasealekuan”, azaldu du Markel Olano ahaldun nagusiak. Hiriaren ekialdean bizi direnek sarbide berria erabili ahal izango dute saihesbidean sartzeko.
Polloeko eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko dute lotunea. Aldundiko eta udaleko zerbitzu teknikoek lotune oso bat diseinatu dute, sarrera nahiz irteerako mugimendu guztiak jasotzen dituena. Ekialdeko eta mendebaldeko sarrerak ez diete kalterik eragingo Etzieta eta Castelao parkeei. “Lotune berriak aukera emango du Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartu eta irtetzeko”, azpimarratu du Goiak.
Bi pasabide eraikiko dituzte galtzadaren azpian, Irun-Zarautz noranzkoan. Hori lotzeko bi adarrak eraikiko dituzte, eta biribilgune berri bat Sasiain zeharbidearen eta Mons pasealekuaren arteko elkargunean. Leku horretan egingo dute lotura hiriko bideekin.