Udalak Bretxan egin nahi duen egitasmoak hainbat aldaketa eragingo ditu. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Bretxa eta ingurua berritzeko plan bereziari behin betiko onarpena eman dio Donostiako Udalbatzak. Alderdi guztiek proiektuaren alde bozkatu dute, ñabardurekin. Aurreko legealdian EH Bilduren udal gobernuak sustatu zuen plan berezia, eta oso kritikatua izan zen. EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak, ordea, programan jaso zuen eta aurrera eraman du.
“Pozik nago udal talde guztien babesarekin. Sinetsita daukat apustua garrantzitsua dela”, esan du Eneko Goia alkateak. Jeltzaleek hasieratik EH Bilduren proposamena babestu zutela gaineratu du, nahiz eta Arraindegi eraikinean kokatu beharreko elementuen inguruan iritzi desberdina izan.
EH Bilduk Arraindegi eraikina udalarentzako berreskuratu izan ez balu proiektua ez zela abiatuko azpimarratu du Ricardo Burutaran EH Bilduren zinegotziak. “Parte Zaharrarekin zor bat kitatuko dugu. Jasotako kritika guztien ondoren, apustu egokia izan zela argi geratu da”.
Hasiera batean, PSE-EEren eta PPren udal taldeak planaren kontra agertu ziren. Sozialistek iritzia aldatu zuten, eta alderdi popularrak osasun zentroa Arraindegi eraikinean kokatzea gaizki ikusi arren, plan osoa babestu du.
Plan berezia
Bertako produktuaren betiko merkatua mantenduko du Bretxa berrituak. Hau da, Arraindegia eraikinaren kaleko mailan kokatuko da betiko merkatua. Duela gutxi iritsi dira adostasunera enpresa eta merkatuko poestuetako jabeak. Horrela, merkatuaren izaera mantendu eta tokiko produktuari zein euskal gastronomiari duen garrantzia emango diote.
Baserritarren postuak ere lekuz mugituko dira, eta San Juan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldeko aurrealdera pasako dira; Bretxako plaza bertara. Gaur egun plazaren erdian dagoen eraikina –Tupperware gisara ezagutzen dena– eraitsi eta plaza publiko bihurtuko dute. Ondorioz, baserritarren postuen eta betiko merkatuaren arteko bidea hobetuko da, aurrez aurre egongo direlako. Beheko solairura jaisteko sarrera lekuz aldatuko dute; plaza erdian egotetik alboan egotera pasako da, Aldamar kalera.
Arraindegia eraikina osasun zentro batek eta kirolgune batek osatuko dute. Bi instalazio horiek zerbitzu publiko berriak izango dira. Eraikinaren lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan kokatuko dira. Osasun zentro berriak Erdialdeko eta Parte Zaharreko biztanleei eskainiko die zerbitzua. Hiru solairuetan egokituko dute zentroa.
Kirol instalazioa, aldiz, bigarren eta hirugarren solairuan kokatuko dute. Kirol anitzetarako pista estalia izango du. Instalazio bakoitzak sarrera propioa izango du Aldamar kaletik, eta ondorioz, espaloia zabalduko dute bertatik jende gehiago ibiltzea espero delako.