Dani Fanok 'Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak' komiki liburua aurkeztu du
Irati Salsamendi
Dani Fano ‘Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak’ komiki liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Dani Fano irudigile eta komikigileak Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak komiki liburua aurkeztu du gaur Komikigunean. Migel Marmol 1905ean El Salvadorren jaiotako ekintzaile politiko eta soziala izan zen eta gaur egun, herrialdearen historiaren pertsonaia garrantzitsua da. Fanok bere bizitza jaso du komiki liburu batean.
David Zapirain historialari eta komikizale adituak gidatutako aurkezpenean, Fano berak, Koldo Izagirre idazle eta itzultzaileak eta Cristo Calderon Mundo Salvadoreño elkarteko kideak hartu dute parte. Euskarazko edizioa Koldo Izagirrek moldatu du eta itzultzaileak elkarrekin egin duten sorkuntza prozesua nabarmendu du: “Niretzako berezia eta erraza izan da, egilea aldamenean izan dudalako. Aldibereko bertsioak egin ditugu, elkarri laguntza emanez, kritikatuz eta batak besteari proposamenak eskainiz”. Cristo Calderonek horrelako lanen garrantzia azpimarratu du eta aitortu du liburua “mugarri garrantzitsua” dela El Salvadorreko memoria historikoaren erreskatean.
Liburua zortzi urteko lan nekaezin baten emaitza dela azaldu du Fanok eta kontatu du nola Eduardo Galeanoren eta Roque Daltonen idatzietan oinarritu den liburuko kontakizuna antolatzeko. 2013an hamar egunez joan zen El Salvadorrera, landa lana egitera eta jasotako informazioa osatzera. Fanok adierazi du “harrokeria” izango litzatekeela El Salvadorri buruzko lan bat egitea, bertara joan gabe. Bidaian pertsona ugari elkarrizketatu zituela kontatu du, besteak beste, Migel Marmolen semea, Migel, gaur egun FMLNko (Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea) memoria historiaren errekuperaziorako taldeko kidea.
Liburuaren sorkuntza prozesuaren berri eman eta bidean laguntza eskaini dioten guztiekiko esker ona adierazi du Fanok, bereziki, bere gurasoei. Amaitzeko, baieztatu du iraganaren inguruko liburua izan arren, etorkizunera begiratzeko lana ere badela, eta gaineratu du “pozez borrokatzen jarraitu” behar dela, “pena ez delako komunisten arma”.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea