(Argazkia: ELA sindikatua)
Udal eraikin eta lokalen garbitzaileek, udal administrariek eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek protesta egin dute Donostiako udal batzar aretoan. Aipaturiko hiru sektoreetako langile gehienak emakumeak dira, eta lan baldintza duinak eskatu dizkiote udal gobernuari. Besteak beste, generoaren araberako soldaten arrakala handia dela salatu dute.
Irabazi Donostiak eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztu dute udal eraikinetako garbitze lanak kontratatzeari buruzkoa. Udal gobernuari eskatu diote FCC Limpieza de Edificios y Locales enpresako batzordeak enpresa berarekin bilera bat adosteko langileen egoera hobetu ahal izateko.
“Azken bi urteetan, udal gobernuari bizi duten egoera prekarioaren berri eman diote. Baina ez duzue ezer egin egoera konpontzeko”, adierazi du Naiara Sanpedro EH Bilduko zinegotziak. Sozialistek eta jeltzaleek bilera bana egingo dute langileekin. Dena dela, irtenbiderik lortu ezean azaroaren 5erako greba orokorra iragarri dute langileek. Mozioari babesa adierazi diote udal taldeek.
Greban
FCCko langileen protesta udalbatzarrean.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak greban daude, astelehenetik. Manifestazioa egin dute Donostiako kaleetan zehar, eta udaletxe aurrean ere elkartu dira bizi duten egoera prekarioa salatzeko. Irabazik egungo egoerari irtenbidea emateko mozioa aurkeztu du, eta lau puntuetatik hirurekin ados agertu dira udal talde guztiak. Etxez etxeko zerbitzua udalak bere gain hartzearena ez dute babestu.
“Hilabete bat pasa denean egoera okerragoan daude. Udal gobernuaren aldetik ikusi dugun jarrera bakarra da langileei errieta egin izana zarata sortu eta kalea zikintzeagatik”, esan du Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak. Udal gobernuaren inplikazio falta salatu du Amaia Martin Irabaziko bozeramaileak, eta langileek jasan duten presioa kritikatu du:”Langileek salatu dute udal gobernuak beraien greba eskubidea mugatu nahi duela. Aldi berean, Garbialdi enpresa ere langileak presionatzen ari da”.
Adostasunerako jarrera erakutsi dute PSE-EEk eta EAJk. “Konplexua eta zaila da, udaletik baldintza agiri hobeago bat prestatu da, hobeagoa izan zitekeen arren. Eskuak zabalik ditugu adostasun zabalagoa lortzeko”, azaldu du Ernesto Gascok.