Loiolako kuartelen lursaila berreskuratzeko negoziatzea adostu du udalbatzak
Loiolako kuartelen afera mahai gainean jarri du EH Bilduren udal taldeak urriko udalbatzarrean. Udalak Espainiako Defentsa Ministerioari lursailak hustu eta uzteko eskaera egiteko mozioa aurkeztu dute. Proposamenaren aurka agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP. Aldiz, sozialistek mozioari aurkezturiko zuzenketa da udalbatzak adostu duena. Horren arabera, Defentsa Ministerioarekin lursaila berreskuratzeko negoziazio bat hastea onartu dute.
Udal talde guztiak ados daude Loiolako kuartelen lursaila eskuratzerako orduan, han etxebizitzak egin ahal izateko. Helburu horretara iristeko, ordea, ikuspegi desberdina dute. “Kuartelak hustu behar dira lehenik. Leku aldaketaren nahasten bagara ez dugu aurrera egingo. Eztabaida nahasten ari zarete”, azaldu du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak. Irabazi Donostiak bat egin du mozioarekin, nahiz eta lekuz aldatu beharko balitz ñabardura bat egin. “Kuartela lekuz aldatu behar bada, lursail egokitu batera izan dadila. Antondegi espazio naturala da, eta ez dago hori suntsitu beharrik”, esan du Loic Alejandro Irabaziko bozeramaileak.
Eskaeraren kontra agertu da PPren udal taldea. “Lursaila berreskuratzea ezinbestekoa da, baina EH Bilduk militarrak Donostiatik bidali nahi ditu, eta horrekin ez gaude ados”, adierazi du Miren Albistur PPko bozeramaileak. Kuartelak lekuz aldatzeko negoziaketa begi onez ikusten dute, eta sozialisten zuzenketarekin bat egin dute.
“Defentsa Ministerioak ez du Loiolatik joateko asmorik. Beraz, akordio zabala lortu behar dugu eremu hori berreskuratzeko”, azpimarratu du Ernesto Gasco zinegotzi sozialistak. Antondegiko proposamenaren inguruan, esan du sozialistek jakin dutelako bertara lekuz aldatzea egokiago ikusten dutela lursailaren jabeek. Eneko Goia alkateak, berriz, esan du gaiaren inguruan ez dagoela eztabaidarik: “Mozio honek ez du ekarpenik egiten. Jakina da zein den egoera. Beraiek beste leku batera mugitu nahi dute. Azaroaren 27an dugu bilera berri bat Madrilen”.