Zinema kritika: 'Gure oroitzapenak'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendariak: Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna Iza, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela, Maialen Sarasua Urtea: 2018 Herrialdea: Euskal Herria – Gauzak kontatzeke daude, dena kontatzeko dago – Zineman askotan ikusi ditugu idazle desberdinen hitzetan oinarrituriko irudiak, eta horietako batzuk elkartuz, egile horren begiradara edo unibertsora hurbil gaitezke. Hor daude Shakespearen lanetan oinarritutako film mordoa, baina beste askok izan dute egokitzapenak jasotzeko (edo pairatzeko) ohorea: Chejov, Dickens, Dumas, Stevenson, Wilde, Verne, Cervantes edo Austen esaterako. Bizirik daudenen artean ere askoren lanak pantaila handian egokituak izan dira eta hemen erregea, zalantza izpirik gabe, Stephen King da. Gaztelaniazko idazleen artean Alberto Vazquez Figueroa, Juan Marse edo Almudena Grandes aipatu ditzakegu, eta gurera hurbiltzen bagara, Bernardo Atxaga litzateke zinemara egokitu den idazlerik nabarmenena, nahiz eta egokitzapenak ez diren bostera iristen. Baina unibertso literarioaz hitz egiten ari garenean, Atxagaz gain, euskal literatura garaikidean badugu beste idazle bat bere hitzekin nolabaiteko berezko kosmosa sortu duena: Joseba Sarrionandia. Gaur egun Kuban den idazle emankor eta geldiezinak bizitzako gorabeherek sortutako gai aniztasuna ezarri du bere lanaren erdigune gisa, unibertso koloretsu eta koherente bat eraikiz. Erbestea, noraeza, urruntzea, oroitzapenak, bakardadea, maitasuna, haurtzaroa, tortura eta mina dira Sarrionandiaren idatzietan topatzen ditugun gaietariko batzuk, anizkun bihurtuz bere obra literarioa. Aurtengo Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zen Gure oroitzapenak, bere obra inspirazio gisa hartuz 12 zuzendariek sortutako film kolektiboa. Ildo finkorik gabe Sarrionandiaren zenbait poema eta narrazio izan dira zuzendarien iturri eta bakoitzak bere lan originala sortu du. Hibai Castro, Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleek askatasun osoz utzi dituzte zinegileak, nahi bezala Sarrionandiaren lana hautatuz eta bakarrik errepikapenak saihesteko esku hartuz. Lehentxeago aipatu ditugun gaiak agertzen dira 12 piezatan, banakako itxuran eta moduan, eta intimista izan daitekeen baten ostean (Maider Oleagarena edo Oskar Alegriarena, adibidez), gerraren ondorioei buruzkoak ikus ditzakegu (Ozcan Alper turkiarrarena, Diyarbakireko 2015 eta 2016ko suntsiketara egokitutako animazioa, edo Josu Martinezen Ama, Lehen Mundu Gerraren ondorioak leunki erakutsiz), baita hondo politikoa dutenak ere (Itziar Leemansena torturarekin lotua eta Eugene Greenena, Preso egon denaren gogoa olerkia aintzat hartuta), edo haurtzaroko oroitzapenekin erlazionatutakoak (Maialen Sarasuaren eta Asier Altunaren lanek haurren begiradak eta bizipenak dituzte oinarri). Fermin Muguruzak ere jada bere bakarkako lehen diskoan musikatua zuen olerki bat zinematografiko bihurtu du (Eguraldi Lainotsua Hiriburuan) eta Mireia Gabilondok zuzendutako lanarekin (Propostas para a definição do exilio aparteko olerkian oinarrituta) bikote egin dezake, biek etorkinek gure artean dituzten arazoak erakusten baitizkigute. Azkenik, umorea ere agertzen da beste bi lanetan, Ane Muñozenean eta Carlos Quintela kubatarrarenean, Sarrionandiaren unibertsoak emozio guztiak zeharkatzen baititu, poztasuna barne. Quintelaren zatia idazlearen gertaera ospetsuenarekin lotzen da, protagonista erakusketa batean dagoen bozgorailu-poeta bat baita, eta denok dakigu Iurretako idazlearen ihesaldi ikusgarria nola gertatu zen. Filmaren bukaeran bozgorailu-gizona modu surrealistan erakustaretotik ateratzeak irribarrea ez dugula ahaztu behar gogorarazten digu. Gure oroitzapenak film kolektiboak Joseba Sarrionandiaren mundu oparoa zinematografikoki ere egokitu daitekeela erakutsi du, narrazio modu desberdinek gizakion barrualdea kanporatu baitezakete. Eta finean hori da Sarrionandia, gizaki bat, berez gizaki emankor bat. Zinemarako atea irekita dago, ausardia besterik ez da behar.