Armarriekin jira eta buelta
(Argazkia: Guregipuzkoa) Santa Katalina zubian, Gipuzkoako eta Donostiako armarriak daude; zaharberritze lanetan desegoki margotu zituzten, baina akatsa konpondu dute. Historian izandako aldaketen lekuko, hiru modutara jarri dute orain Gipuzkoako armarria.
Udalak hala eskatuta, Santa Katalina zubiko kaleargiak zaharberritu zituen enpresa batek, 2017 urtearen bukaeran. Lan hori egitean, faroletan dauden Gipuzkoako eta Donostiako armarriak margotu zituen enpresa hark, era okerrean, eta udalak akatsa zuzentzeko eskatu zion, adituetara joz. Bigarren txanda batean ere margotu zituen enpresak armarriak, ordukoan, jatorrizkora gehiago hurbiltzen bazen ere, hura ere ez zen zuzena. «Bietan emaitza tamalgarria izan da», adierazi zuen aurtengo abuztuan Alfonso Gurpegi zinegotziak. Horrela, eztabaidagai izan zen udaran armarrien margoketa. Gertaerak gogora ekarri zuen 2011n Zaragozako Borja herrian Ecce Homorekin gertatutakoa. Ordukoan, adineko emakume bat saiatu zen errekuperatzen eliza bateko horman zegoen margolan bat, eta guztiz hondatu zuen, barregarri utziz.
Donostiako Udalak, zorionez, akatsak zuzentzeko aukera izan du, eta adituengana jo zuten behin betiko zaharberritzea egiteko: Rosa Aierbe historialariarengana, heraldikan aditua, eta Lucia Fermin artistarengana. Gipuzkoako armarriaren inguruan ikerketa sakona egina du Aierbek, eta hark jakinarazi zuen kolore zuzenak zeintzuk ziren. Ondoren, Ferminek egokitu zuen kolore gama, bat egin zezan farolen kolore marroiarekin, eta pintura mota egokia hautatu zuen, metereologiaren eguneroko zigorrarekin ahalik eta iraunkorrena izan zedin.
Aierbek Irutxuloko Hitzari azaldu dio zein garrantzitsua den koloreak errespetatzea. Gorriak, esaterako, indarra eta ausardia adierazten ditu, eta erdi aroko armarri gehienek atzealdea gorria dute, Gipuzkoakoaren moduan.
Zubiaren lau izkinetako faroletan daude armarriak, oinarrien gainean. Farola bakoitzak bi aldiz du Gipuzkoako armarria, eta beste bitan Donostiako armarria. Farolak 1926koak dira, Juan Aldai udal arkitektuak diseinatutakoak; Kontxako baranda diseinatu zuen bera. Horrela bada, faroletan dauden armarriak dira XIX. mendearen bukaeran existitzen zirenak.
Gipuzkoako armarriak izan duen eboluzioaren lekuko, hiru era desberdinetan margotu dituzte zubian, Rosa Aierbek proposatuta, herritarrek historiaren berri izan dezaten.
Berez, Gipuzkoako armarria zigilu heraldiko gisa jaio zen 1500 inguruan; eskribauak erabiltzen zuen zigilua zen, dokumentu ofizialak balioztatzeko. 1513an agindu zuen Gaztelako Juana erreginak armarrian hamabi kanoiak sartzeko, Belateko gudua oroituz. Orduan erabaki zuten zigilua armarria izatea, eta horregatik ez zituen lege heraldiko batzuk betetzen, ondoren jarri baitziren lege horiek. Zalantzak zeudenean armarrien inguruan, armen erregeen gorteari galdetzen zioten. Armarriaren koloreak aldatzen joan ziren, orduko legeak aplikatuz. Hasieran, erregeen eta zuhaitzen atzealdea gorriak ziren, eta kanoiena doratua; ondoren, atzealde guztia gorria zen; azkenik, erregearen eta kanoiaren atzealdeak gorriak ziren, eta zuhaitzen atzealdea kolore doratukoa.
Aurrerago, 1936ko Gernikako Estatutuak, Errepublikaren garaian, erregea kendu zuen (Enrike IV.a irudikatzen zuena); aurrerago, kanoiak Nafarroaren subiranotasunaren aurkako ikurra zirenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek kanoiak ezabatzea erabaki zuten, 1979an.
Gaur egungo Gipuzkoako armarria 1990eko martxoaren 27ko 6/1990 Foru Arauak onartu zuen. Esaldi hau du azpian: Fidelissima Bardulia nunquam superata (Bardulia txit leiala, inoiz ez garaitua). Irudian agertzen diren hiru zuhaitzak haginak dira. Kondairek diotenez, Erromatar Inperioaren aurrean, ez errenditzeko, barduliarrek euren burua pozoitu zuten haginetako haziekin. Bada beste armarri bat, askoz sinplifikatuagoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere irudi gisa erabiltzen duena.
Udalak asmoa du informazio plaka batzuk jartzeko zubian, QR kodeekin. Horrela, telefono mugikorrekin kodeak irakurri eta armarrien inguruko informazioa jasoko dute interesa dutenek. Izan ere, Aierberen esanetan, Gipuzkoako historian barrena bidaiatzea da zubia gurutzatzea.
Hiriko zubirik zaharrena
Hiriko zubi ezagun eta esanguratsuenetakoa da Santa Katalina. Donostiako zaharrena. Lehen aipamenak XIV. mendekoak dira. XIX. mendera arte, egurrezko zubia izan zen. 1870ean, ordea, gaur egungo zubi neoklasikoa eraiki zuten. Antonio Kortazar arkitektoak diseinatu zuen, eta Jose Antonio de Arsuaga enpresa eraikitzaileak altxa zuen. 1872ko ekainaren 23an inauguratu zuten.



