Donostiako Udaletxea.
Donostiako ikasleek aukera dute udalarentzako praktikak egiteko. Aurten 28 ikasle izan dira praktiketan aritu direnak, eta 7.000 ordu inguru bete dituzte. Alor desberdinetako ikasleak hartu ditu udalak, helburu hauek betetzeko: prestakuntza jasotzen laguntzea, lan munduarekin harremanetan sartzeko bidea ematea eta administrazioaren funtzionamendua zein balioak ezagutzea.
2019an bultzada berri bat eman nahi dio udalak egitasmoari. Ikasle gehiagok tutorea izango dute, eta udal esparru gehiagotan egin ahal izango dituzte praktikak.
Lehenengo ikasleak 1994an hartu zituen udalak praktiketarako. Kopurua txikia izan zen garai hartan. Bi edo hiru baino ez ziren izan urteko. 97an jauzia eman eta 24 ikasle hartu zituen udalak. Aldiz, 40 ikasle 2015ean. Azken urteetan kopuruak zertxobait behera egin du, baina arau bat onartu zuten 2017an egitasmoa indartzeko.
Udaleko atal desberdinetan egiten dituzte praktikak ikasleek. Hala nola, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritza, Udaltzaingoa, Proiektuak eta Obrak, Gazteria, Giza Baliabideak, Gizarte Ekintza eta Euskara. Ikasleek praktikak egin ahal izateko, Udalak hitzarmen bat sinatzen du dagokion ikastetxearekin, unibertsitatea izan –Deustuko Unibertsitatea, EHU– edo unibertsitateaz kanpokoa izan –Fraisoro, EASO Politeknikoa, Cebanc eta Lanbide Heziketako institutuak–.