Jaime Dominguez Macaya Ogasun zinegotzia. (Argazkia: Donostiako Udala)
2019ko Donostiako Udalaren aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Jaime Dominguez Macaya Ogasun zinegotziak. 467.446.690 eurokoa izango da aurrekontu kontsolidatua, iaz baino %5,06 handiagoa.
Bihar onartuko du proiektuaren zirriborroa Tokiko Gobernu Batzordeak, eta ondoren Ogasun batzordean aurkeztuko da. Urtea bukatu aurretik behin betiko onartuko su udal gobernuak.
Laugarren urtez jarraian inbertsioak egingo ditu udalak, Dominguez Macayak adierazi duenez. Gastu arrunta %5,51 handituko da, eta kapital gastua 116 milioi eurokoa. Anoetako futbol zelaiaren berritzea albo batera utzita, hiri proiektuetarako inbertsioa %3,66 igoko dute eta iaz baino %11,85 handiagoa izango da.
Macayak azpimarratu du udal gobernuaren gizarte gastua indartzeko konpromisoarekin jarraitzen duela. Gizarte Ekintza departamentuaren aurrekontua 1,9 milioi eurotan handituko da, eta orotara, 29,4 milioi euro jasoko ditu sailak hiritarren ongizatera bideratzeko.
Ekialdeko Barrutiak bere lekua izango du aurrekontuetan. Parte hartze prozesuan hiritarrek aukeratutako proposamenetarako 700.000 euro bideratuko ditu udalak, eta beste 550.000 euroko aurrekontu saila izango du Barrutiaren batzarrak erabakitzen dituen proiektuetan inbertitzeko.