Japoniako 'Jostunen zirkua' Donostian izango da
Cinema Dub Monks-en zuzeneko musika, Takashi Watanabe-k inprobisatutako argiztapena eta Suzuki Takayuki jostunak moztu, txikitu eta jositako oihal metro pilarekin osatutako ikuskizuna egiten dute Jostunen zirkuko artista japoniarrek. 2014 urtean sortutako proiektua da eta iaz Madrilgo Naves Mataderon emandako bost emanalditan sarrera guztiak agortu ostean, Donostiara iritsiko dira lehen aldiz, Tabakalerara hain zuzen.
Emanaldiak azaroaren 2, 3 eta 4an izango dira, eta sarrerak aurrez erosi ahalko dira, 18 eurotan, Tabakaleraren webgunean eta informazio puntuetan. Emanaldiaren egunean bertan ere sarrerak erosteko aukera izango da, 20 eurotan.
Ikuskizunean, Suzuki Takayukik zuzenean sortzen du eszenografia, josteko makinarekin. Oihal zati luzeekin espazioa eta bere kideak janzten ditu, dantza egiten duen bitartean. Daiho Sogak eta Gandhi Nishigakki, Cinema Dub Monks taldeko partaideek, bitartean, beraiek sortutako musika tresnekin eta tresna tradizionalekin paisaia musikalak inprobisatzen dituzte, eta Takashi Watanabe, argiaren kudeaketaz arduratzen da, giza begiaren pertzepzioa eraldatzen du.