(Argazkia: Gipuzkoako Aldundia)
Bularreko minbiziaren aurkako borrokan dihardu Katxalin elkarte gipuzkoarrak. Atzo, martxa solidarioa egin zuten Donostian, Alderdi Ederren hasi eta bukatuta. Lehen urtea da jarduera propioa egiten dutela, azken urteetan 15 kilometroko lasterketarekin bat egin ondoren.
3.000 parte hartzaile baino gehiago izatea jarri zuen helburu Katxalin elkarteak, eta baita lortu ere. 4.000 pertsona baino gehiago izan ziren egitasmo solidarioarekin bat egin zutenak. Adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten, familiek eta baita zenbait ordezkari politikok ere. Tartean, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotzia. Alderdi Ederretik Saguesera egin zuten bidea, gero bueltan Parte Zaharretik sartu eta Alderdi Ederrera itzultzeko.
Gehiengoak oinez egin zituen ibilbidearen 4 kilometroak, eta gutxi batzuk izan ziren eguraldi hotzari aurre eginez lasterka osatu zutenak. Dortsalaren truke 8 euro ordaindu zituzten parte hartzaileek, eta 5 euro martxan parte hartu gabe laguntza ekonomikoa ematea erabaki dutenek. Dirua bularreko minbiziaren ikerketarako bideratuko du Katxalin elkarteak.