Elkartasun festa egingo dute Txantxarreka gaztetxean
Txantxarrekako kideek abuztutik gaztetxean dauden migratzaileen aldeko elkartasun festa egingo dute azaroaren 10ean. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte egun horretarako, hala nola, baratzaren prestaketa eta letxuga landaketa eta adin guztietarako jolas kooperatiboak. Euria eginez gero plastikozko botila handiak edo lorontzi txikiak eramateko deialdia zabaldu diete ere herritarrei, barazkiak bertan landatu ahal izateko. Gainera, migratzaileek prestaturiko bazkari herrikoia egingo dute, eta mikrofono irekia izango dute arratsaldean zehar. Bazkarirako sarrerak bost eurotan egongo dira salgai.
Gaztetxeak hilabeteak daramatza Donostiako Udalari eraikinean bizi diren pertsonentzako irtenbide duin bat eskatzen, baina Txatxarrekako kideek udal ordezkariekin izan zuten bileraz geroztik udalak ez du gaiaren inguruan inolako erabaki publikorik hartu. Bilera horretan udal ordezkariek “bahitzaile” eta “tonto” gisa tratatu zituztela salatu zuten gaztetxeko kideek, eta udaletik hemen gelditu nahi diren migratzaileen egoera konpontzeko borondaterik ez dagoela adierazi zuten.