45 urtetik gorako langabetuentzako lan eskaintza atera du udalak
Donostiako Udalak 541.134 euro bideratuko ditu 45 urte baino gehiago duten pertsonen artean enplegua sustatzeko. 44 langabetu kontratatzea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak. Kontratuek 3 eta 6 hilabete arteko iraupena izango dute.
Kontratazio hauek Lanbidek tokiko ekintzak garatzeko egiten duen enplegua sustatzeko laguntza deialdiaren barruan daude. Aipaturiko diru kopurutik 533.506 euro Lanbidek jarriko ditu.
Kontratatuek, besteak beste, Hiri-Mantentze Zerbitzuetako, Mugikortasuneko, Polloe sozietateko, Udal Kirol Patronatuko eta Ingurumeneko departamentuetako lanak egingo dituzte. Hona hemen eskainiko diren lanpostuen zerrenda:
- Hiriak eta instalazioak mantentzeko lanak (10 pertsona).
- Tamaina handiko hondakinen hiri-ordenantza betetzeari buruzko ikuskapen eta informazio lanak (6 pertsona).
- Ur eta saneamendu instalazioak mantentzeko lanak (4 pertsona).
- Dokumentazio eta katalogazio lanak (pertsona 1).
- Igeltseritza-lanak ondare-interesa duten hilobiak mantentzeko (2 pertsona).
- Polloerentzat espedienteak digitalizatzeko lanak (pertsona 1).
- Administrazio-kudeaketako lanak (2 pertsona).
- Parkeak eta lorategiak mantentzeko lanak (10 pertsona).
- Osasun-ikuskapeneko laguntzaileen lanak (2 pertsona).
- Osasuna sustatzeko laguntzaileen lanak (2 pertsona).
- Mugikortasun Sailerako hainbat lan (pertsona 1).
- Kirol-proiektuak sustatzeko lanak (2 pertsona).
- Aire zabaleko pistak mantentzeko lanak (pertsona 1).