"Aurrera mutilak" beharrean "Aurrera Reala" dio orain Realaren ereserkiak
“Pertsonengana eta pertsonentzat zuzendutako klub bat da Reala, eta, horregatik, bere ereserkiaren bertsio berri bat egin du, zale guztiak omentzeko”. Halaxe jakinarazi du Realak bere ereserkian egin duen aldaketa, izan ere, “Aurrera mutilak” beharrean “Aurrera Reala” dio orain. Bideoklipa osatu dute, klubaren inguruko lagun askorekin: “Koralagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa izan dadin, eta zale guztiek kantatu dezaten animatzeko”. Realaren ereserkia 1970ekoa da, eta Ricardo Sabadiek sortu zuen.
Realak gogoratu du emakumeen taldeek ere defendatzen dutela Realaren ikurra, eta harmailetan gero eta emakume gehiago egoten direla, zelai barruan zein kanpoan. Horregatik, aldaketa egiteko unea iritsi dela diote. Bestetik, hitzen aldaketaz gain, oraingo bertsioa geldoagoa eta koralagoa da: “Ahots hutsez eta taupada batez egina: jokalarien bihotzaren taupada, Gipuzkoa osoa defendatzera zelairatzen direnekoa. Eta zaleen bihotzarena, beren taldea jokatzen ikusten dutenekoa”.
Grabaziorako deialdi ireki bat egin zen klubaren sare sozialetako jarraitzaile guztientzat, eta 25.000 bazkideei emailing bat bidali zitzaien. Aurkeztu eta prest zeudenen ahots guztiekin himnoa grabatu zuten, 170 ahots nahastuta.