Ander Prol, Gehituko osasun teknikaria. (Argazkia: Hamaika Telebista)
Hiriak zutik LGTBI Berdintasun Legearen alde lelopean mobilizazioak eta prentsaurrekoak egin zituzten atzo estatuko hainbat hiritan, hala nola, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan, Zaragozan eta Donostian. FELGTBk (Lesbianen, Gayen, Transen eta Bisexualen Estatu-federazioa) eta bera osatzen duten 49 eragileek “hartutako konpromisoa behingoz bete eta LGTBI Berdintasun Legearen onarpenaren alde gogoz lan egin dezatela” eskatu zieten arduradun politikoei.
Donostiako Gehituren egoitzan egindako prentsaurrekoan, Jesus Estonba Gipuzkoako Berdinduko arreta eta informazio zerbitzuaren arduradunak salatu zuen “zenbait talde” ez direla betetzen ari hartutako konpromisoak eta legearen onarpena atzeratzen ari dela beste talde batzuen “uzkurkeriak” direla eta. Era berean, Ander Prol Gehituko osasun teknikariak kritikatu zuen prozesua moteldu dela, azken aldian egon diren gobernu aldaketa eta aldaketa politikoen ondorioz. Dena den, Estonba baikor azaldu zen eta ziurtasunez esan zuen “legeak Kongresuaren gehiengo osoaren babesa” duela.
Unidos Podemos taldeak 2017. urteko maiatzean aurkeztu ostean, eta PPren osoko zuzenketa atzera bota ostean, aurrera egin zuen LGTBI lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen berdintasun sozialerako lege proposamenak. Orain, zuzenketetarako epean da Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordean.
Gehituk jakinarazi duenez, legearen bi atal sortzen ari dira eztabaida gehien: zigorrak ezartzeko aukera eskaintzen duenak eta transexualekin loturikoak. Lehenengoari dagokionez, lege egitasmoak iritzi LGTBIfobikoak zigortzeko bideak aurreikusten ditu, eta Estonbak adierazi duenez, adierazpen askatasunarekin “talka” egin dezaketen zigorrek sortzen dute desadostasun gehien. Lege egitasmoak jasotzen dituen transexualen eskubideen inguruan, aldiz, punturik gatazkatsuena izaten ari da osasun neurriekin loturikoa. LGTBI kolektiboaren aspaldiko eskaera da 16 urtetik gorako edozein pertsonak ebakuntzak egiteko askatasun osoa izatea, guraso edo tutoreen baimenik gabe. Era berean, eztabaidan dago transexualen eskubideak genero berdintasun politiketan integratzeko erabakia.