Zinema eta Buru Osasuna ziklo berria eskainiko du Agifesek
Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea da Agifes, eta laugarrenez antolatu dute Zinema eta Buru Osasuna zikloa. Azaroko astelehenetan izango dira saioak Principe zinema aretoetan, 19:30ean.
Azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira proiekzioa eta solasaldiak. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak zinemako leihatilan jaso ahal izango dira, filmen emankizunen aurreko astean zehar. Egitarauari dagokionez, hilaren 5ean lau Oscar irabazi dituen A Beautiful Mind film biografikoa eskainiko dute. Azaroaren 12an, berriz, Robert Redfordek zuzenduriko Ordinary People filma proiektatuko dute. Hilaren 19an, Marion Cotillard protagonista duen Deux jours, une nuit filmaren txanda izango da. Eta azkenik, zikloari bukaera emateko The Perks of Being a Wallflower pelikula eskainiko dute.
Urtean bi ziklo antolatzen ditu elkarteak, eta bietara jende ugari joaten da. Finkoa dena Donostian egiten dute, eta ibiltaria Gipuzkoako txoko desberdinetan. Berdingabea zara sentsibilizazio kanpainaren barruan antolaturikoa da, eta bere helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea.