Zinema kritika: 'The House that Jack Built'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: Lars Von Trier Urtea: 2018 Herrialdea: Danimarka – Frantzia – Alemania – Suedia – Eraikuntzak ondo egiteko materialak ona izan behar du – Lars Von Trier zirikatzaile trebea da, eta hori da espresuki bere zinemarekin lortu nahi duena, ikuslea besaulkiaren erosotasunetik atera eta akuilu zinematografikoarekin astintzea. The House that Jack Built bere azken probokazioa da, Cannes eta Sitgeseko zinemaldietatik igaro ostean, aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Astean ikusteko aukera izan duguna. Aspalditik badakigu Antzoki Zaharrean biltzen garenok pantailan ikusten ditugun filmeek mugak gainditzeko ohitura dutela (bai estetikoak, bai moralak), politikoki zuzena denaz harago joaten, eta, batzuetan, jasangaitzak diren irudi eta soinuak erakusten. Horregatik, hasiera batean daniar zuzendariaren proposamena gure Astera egokitzen zela zirudien. Eta Antzoki Zaharreko emanaldian ikusi zenez, ikusleek Von Trierren film «xarmagarria» (Josemi Beltran dixit) ondo onartu genuen eta ezohiko begirunea erakutsi genion. Bueno, denek ez, emanaldiaren ostean entzun nituelako kritika ezkorrak, filmaren pedantekeria eta asperraldia azpimarratuz. Pedantekeriaz bi hitz. Lars Von Trierrek aipamen askoko joko postmoderno bat sortu du, ez da lehen aldia, noski (bere film askok mendebaldeko kulturaren oinarri anitza azaleratzen dute), baina gero eta gehiago badirudi zuzendariak bere lana jolastzat hartzen duela. Askorentzat apaltasun eza nabaria da, eta ez dut uste hori onartzeak daniarraren filmografia gaitzesten duenik, bere filmak dagokion lekuan jartzen ditu, ordea. Bestetik, zineman (eta hedaduraz, artean) aurrekoen bideari jarraitzea ez da zerbait txarra izan behar, erabilitako erreferenteak gaurkotzen badira lanaren osaketan, mortero bihurtu daitezkeelako, eta sorkuntzak sendotasuna agertu dezakeelako. The House that Jack Builtek mortero kultural asko erabiltzen ditu lortu nahi den etxea eraikitzeko. Filmeko protagonista, Jack (Matt Dillonek aparteko lana egiten du), serie-hiltzailea da, eta nahiz eta horretan arrakastatsua den (filma bost «gertakaritan» banatua dago), nahi duen etxea eraikitzeko ahaleginak beti alferrikakoak izango dira. Hemen agertzen da Von Trierrek mahaigaineratzen digun beste auzi moral bat, Jackek uste baitu bere hilketek artelan bat osatzen dutela eta orduan zuzendariak erreferentziazko beste askorekin lotzen du (Glenn Gould piano jotzaile obsesiboa, Albert Speer nazien arkitekto megalomanoa, katedral gotikoen lorpen bikaina, David Bowieren Fame abestiaren etengabeko erabilera, eta abar). Von Trierrek une horietan collage moduko muntaia erabiltzen du eta horrek bi gauza erakusten dizkigu: lehena, zuzendari daniarrak ahal duen bakoitzean urruntzea erabiltzen duela hausnarketa bideratzeko; eta bigarrena, bere filmeetan umoreak beti leku bat izango duela (Jackek bere hilketak Mr. Sophistication ezizenarekin sinatzen ditu). Filmean, hasieratik offeko ahots batek laguntzen ditu Jacken «gertakariak», bere aitortzailearekin hitz egiten egongo balitz bezala. Filma aurrera joan ahala, Verge delako batekin ariko dela jakingo dugu (Bruno Ganz), eta filmaren epilogoan argi geratuko da Jackek benetan egiten duen bidaiak Dante Alighieriren Jainkotiar komediaren infernurako bidaiaren antza baduela (katabasis), eta Verge hori Virgilio poeta dela. Von Trierrek hau guztia azpimarratzeko Delacroix erromantikoaren La Barque de Dante margolana tableau vivant baten antzera irudikatzen du, filmaren irudirik harrigarriena lortuz (Anticristo edo Melancholia filmeetan horrelakorik ere agertzen zen). Baina Dantek paradisura iristean berrerospena lortzen zuen bitartean, Jack serie-hiltzaileak paradisu hori (urrezko Eliseo Zelaiekin aurkeztuta) ez du inoiz eskuratuko, eta leihoaren bestaldetik ikusteko aukera bakarrik izango du. Une horretan, negar malko bat masailetik isuriko zaio, hiltzailea hunkigarri bihurtuz. Azken finean, Lars Von Trierrek gizaki bat erakutsi nahi zuen, bere hitzetan «hilketa eta izugarrikerien artean, gizaki baten erretratua egiteko aukera nuen, serie-hiltzaileak gizakiak ere badirelako». Oharra (edo txistea): Kritika hau Aretha Franklinen “The House that Jack Built” abestia entzun bitartean idatzia izan da.