Altzaren historia, 26 iruditan
Altzako Historia Mintegiak milaka argazki ditu bere bilduman, eta horietatik aukeraketa egin ostean, erakusketa zabaldu du Garbera Merkataritza Gunean; bisitariek atzera begiratzeko aukera izango dute, lehengo garaiak oroituz.
Altzako historia garaikidean barrena bidaiatzeko aukera izango dute Garbera merkataritza gunera joaten direnek. Izan ere, asteazkenean inauguratu zuten Altza historikoaren inguruko argazki erakusketa, eta azaroaren 17ra arte egongo da zabalik. Altzako Historia Mintegiak bultzatu du erakusketa, merkataritza gunearekin duen harremanari esker. «Duela bi urte bisita gidatu bat antolatu genuen Garberarekin, Altzan barrena. Ordutik harremana izan dugu, eta erakusketak egiten dituztenez, proposatu genien argazki zaharrena», Azaldu du historia mintegiko Iñigo Landak.
Erakusketarako hogeita sei argazki aukeratu dituzte, Altzako Tokiko Bilduma zabaletik. Ez dute batere lan erraza izan, 8.800 irudi baitituzte –horietako 5.890 topa daitezke www.altza.info webgunean–. Gehienak altzatarrek beraiek utzitakoak dira, familietako bildumetakoak, eta erakundeetatik iritsitakoak ere badaude tartean.
Argazkiak tamaina handian jarri dituzte: 75 zentimetro dituzte altueran, eta metro bat zabalean. Beraz, kalitatezko erreprodukzioa lortzeko, David Vicente argazkilari donostiarraren laguntza izan dute.
Momentu historikoak
Irudietan ikus daitezke Garbera ingurua eta leku askotatik egindako argazki orokorrak: Bidebieta, Intxaurrondo, Herrera, Altzako kaskoa, Ametzagaina… pertsonaia ezagunen bat ere badago tartean, esaterako, Txirrita bertsolaria, Gazteluene baserrian. «Bi momentu historiko garrantzitsu ere sartu ditugu. Errepublikaren garaikoa, Altza udalerria ofizialki lehen aldiz izendatzen zutenean, aurreskua dantzatuz; eta horren kontrakoa, anexioaren momentua, Altzako alkate falangista agertzen denean, zinta bat mozten, Intxaurrondon».
Argazki zaharrena 1887koa da, eta, berriena, aldiz, 1980koa. Argazki bakoitza oin batekin jarri dute, bakoitzaren inguruan duten informazioarekin.