(Argazkia: Donostiako Udala)
Eneko Goia alkatea eta Miren Azkarate Europar hiriburutzako zinegotzia Kultur Hiriburuetako Alkateen lehen Konferentzian izan dira, Florentziako Palazzo Vecchion. Europako Kultur Hiriburu izan diren edo izango diren 50 hirietako ordezkariek sare moduan egituratzea adostu, eta bi urtean behin topaketa antolatzea erabaki dute.
Donostiak 2016an Kultur Hiriburu bezala izandako bizipena eta esperientzia azaltzeko aukera izan du, Rjeka eta Dublinekin batera. Goiak azaldu du nola sortu zen “bizikidetzaren kultura” kontzeptua. “Hiriburutzaren urtean, berriz, ETAk ekintza armatuak bertan behera utzita zituen, eta gizarte zein politikako giroa oso bestelakoa zen”. Donostiarentzako hiriburutza esperientzia ona izan zela esan du. “Bizikidetza hobetzen lagundu du, eta gure gertuko iragana ahaztu gabe, esan genezake Donostia gaur egun itxaropen hiria dela”.
Florentzian onarturiko adierazpenean Europako kultur politikak indartu eta sustatzeko beharra aldarrikatu dute. Politika horiek dira azpimarratu dutenez gizarte kohesioa indartzeko eta kultur ondarea mantentzeko biderik eraginkorrena. “Kultur Hiriburuaren tituluak onura handiak ekar liezazkiokeela dagokion hiriari, batez ere, kultur politikak epe luzeko estrategia baten parte direnean”, dio adierazpenak. Horiek horrela, hiriak hainbat konpromiso hartu dituzte aniztasun eta kultur ondareari eusteko. “Kultur politikak guztien “udal agendatan lehen lerroan egon behar dute”.