Alde egotetik egitera
Euskaraldiaren sustatzaile nagusiak Bagera Elkartea eta Donostiako Udala badira ere, ez dira gutxi egitasmoa sustatzera batu diren eragileak. Guztira 40 sustatzaile baino gehiago daude Donostian. Bai kirol arloan, bai hezkuntzan, bai merkataritzan eta baita ostalaritzan, denek euskararekiko konpromisoa adierazi dute.
Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko kudeaketa zuzendariaren arabera, asko dira Euskaraldiko sustatzaile izateko arrazoiak . Haren esanetan, hizkuntza da euskal identitatearen adierazgarri nagusia: “Askotan esaten dugu gastronomia euskaldunon identitatearen seinale dela. Bada, hizkuntza zeresanik ez, garrantzitsuena da”. Bestalde, elkarteko bazkide askok ere zerbitzuak euskaraz emateko eskatzen dietela adierazi du Aiestaranek.
Realaren kasuan, klubak euskararekin duen konpromisoa nabarmendu du Andoni Iraolak, Real Sociedad Fundazioko zuzendariak: “Euskararekin konpromiso bat dugulako hartzen dugu parte Euskaraldian, eta praktika sozial bat den heinean, horretan parte hartu nahi dugulako”.
Are argiagoa izan da Guzman Vazquez Karmelo, Ikastetxeko euskara irakasle eta Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeko kidea, Euskaraldian parte hartzeko “zalantza gutxi” izan zituztela azpimarratu baitu. Bestalde, Vazquezek gaineratu du Korrikaren barruan Korrika Txikia egiten den bezala, orain Euskaraldi Txiki moduko bat egin nahi dutela eskolan. Horretarako, Euskaraldian ikasleak eragile bihurtuko dituzte.
Gizartean hizkuntza ohiturak aldatzeko beharra dagoen bezala, kirol arloan, hezkuntzan eta ostalaritzan ere behar hori ikusten dute sustatzaileek. Horregatik, bai Realean, bai Karmelo Ikastetxean eta baita Ostalarien Elkartean ere izen ematea sustatzeko burubelarri ari dira lanean.
Realean, esaterako, informazioa banatzeaz gain, azaroaren 23a iritsi baino lehen entrenamendu edo simulakro batzuk egingo dituztela azaldu du Iraolak, langileak berotzen joateko. Bestalde, Iraolak aipatu du denboraldiaurreko Osasunaren aurkako partidan bi taldeek Euskaraldiko pankarta bat atera zutela, eta baita Anoeta Berriko lehen partidan markagailuan Euskaraldiko bideo ofiziala eman zutela ere.
Karmelo Ikastetxean, Euskaraldia ahalik eta hobekien prestatze aldera, Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeaz gain, Euskaraldirako Batzorde berezi bat sortuko dutela azaldu du Vazquezek. Batzorde hori irakasle eta gurasoez osatuta egongo da.
Ostalarien Elkarteari dagokionez, hiru hilabetean behin argitaratzen duten boletinean Euskaraldiaren berri eman zuten, elkarteko kideak guztiak informatzeko. Halaber, elkarteko langileen hamaikakoa aurkeztu zutela azaldu du Aiestaranek, argazkiak sare sozialetan zabalduz. Gipuzkoako Ostalarien hamaikako bat ere egiteko asmoa dutela aipatu du kudeaketa zuzendariak. Hamaikako horretan aurpegi ezagunak egotea da elkartearen asmoa, Gipuzkoako Ostalarientzat erreferente izango direnak.
‘Ahobizi’ eta ‘belarriprest’
Bi figura horiek dira egitasmoaren ardatza, horregatik, arlo guztietan asko lantzen ari dira bien presentzia.
Gipuzkoako Ostalarien Elkartean izen emate asko espero dituztela adierazi du Aiestaranek. Izan ere, elkarte barruan finkatuta dute jada rol bakoitza nork eramango duen.
Karmelo Ikastetxeko irakasle eta ikasleak ahobiziak izango direla azaldu du Vazquezek, eta “euskalduntzen ari diren langile eta gurasoak” belarriprest izatera animatu nahi dituztela.
Bestalde, Amara Berriko “ezaugarri soziolinguistikoak” direla eta, eskolara atzerriko ikasle ugari joaten direla aipatu du Vazquezek, eta horiek belarriprestak izan daitezkeela. Irakasleak azaldu duenez, ikasle horietako asko duela gutxi Amerikatik etorritakoak dira, eta gaztelania jakitearekin nahikoa dela pentsatu dezakete. Ikasle horiekin eskolak “konpromiso handia” duela nabarmendu du Vazquezek, “euskaraz hitz egiten den lurralde eta hiri batera etorri direla jabetu daitezen”. Ikasle horiek euskaran murgiltzeko, Euskaraldia “oso baliagarria” dela deritzo irakasleak.
Jokin Aperribai Realeko presidenteak belarriprest izateko hartu zuen konpromisoa azpimarratu du Iraolak. Presidentea eredu izanda, departamentuz-departamentu informazioa banatzen ari dira, langile bakoitzak bere rola aukeratu dezan.
Euskaraldia, egitasmo berezia
Sustatzaile guztiek bat egiten dute Euskaraldia, euskararen aldeko beste egitasmo batzuekin alderatuta, berezia dela baieztatzerakoan.
Iraolaren aburuz, elkarrizketa elebidunen sustapena da egitasmo honen berezitasun nagusia. Haren arabera, ez baitago horrelako elkarrizketak mantentzeko ohiturarik, eta ohitura hori sustatzea garrantzitsua da. Horrelako egitasmoak baliagarriak direla ere gaineratu du Iraolak: “Antzeko egitasmoak, Lasartekoa eta Egiakoa, esaterako, eragingarriak direla frogatu bada, zergatik ez dugu parte hartuko?”.
Aiestaranek ildo beretik jo du, eta “hizkuntza ohituren aldaketa” eragingo duela deritzo. Horretaz gain, pertsona asko euskarara hurbilduko dituela gaineratu du: “euskara erabiltzen ez duten euskaldunak piztuko ditu Euskaraldiak, eta egunerokoan euskara erabiltzen ez duen jendea euskarara hurbilduko du”.
Vazquezek, bere aldetik, Euskaraldian euskaraz hitz egiten dutenen erosotasunari garrantzia ematen zaiola nabarmendu du. Izan ere, haren aburuz, euskaldunon artean “egoera eskizofrenikoak” bizi ohi dira: “Agian lau pertsonekin gaude, eta horietako batek euskara ulertzen du, baina ez du hitz egiten. Beraz, gaztelaniaz hitz egitera pasatzen gara. Ondoren, gainera, errudun sentitzen gara ez dugulako gure hizkuntzarekiko ondo jokatu”.
Bestalde, haren arabera, Korrika jaiarekin lotzen da eskolan, eta Euskararen Eguna euskara ikasgaiarekin. Euskaraldia, ordea, desberdina da, hizkuntzaren erabilerarekin lotzen baita Vazquezen arabera. Haren aburuz, oso garrantzitsua da hori: “Euskara ez da, EGA titulua izan daitekeen bezala, tiradera batean gordetzen den zerbait; euskara erabiltzen den zerbait da”.